Erantzukizunak argitu eta norabidea aldatu
Egunotan, udal abokatuaren txostena argitaratu da prentsan, prozedura judiziala eten eta gure elkarteak errekurritu zuen udal ebazpena ezeztatzen duena.
Prentsaurrekoan, urtarrilaren 24an, publikoki salatu genuen espediente horretan ostalaritza establezimendu bati goragoko talde batera pasatzeko baimena eman zitzaiola, legezko oinarririk gabe, eta familia loturak zituzten bi pertsonek parte hartu zutelarik horretan, hori jarduneko edozein funtzionario zigortzeko arrazoia izanik.
Gure salaketan adierazi genuen hau ez dela espediente bakarra non ama eta semeak, zerbitzuburuak eta ingeniariak, alegia, ez duten betetzen bateraezintasunen legea.
Guk dakigula, beste lau espediente daude, ama-semearen esku hartzea izan dutenak, eta Hirigintzako zinegotziari eta Hirigintzako zuzendariari jakinarazi zaizkie.
Udalak erantzukizunak argitu behar ditu, familia harreman hori beste zenbat kasutan gertatu den ikertu eta dagozkien legezko neurriak hartu behar ditu.
Legearen kontrako jarduera honen berri jada eman genion, ahoz, 2017an, alkatearen lehendakaritza batzordeko funtzionario bati, eta orain arte ez dugu erantzunik jaso.
Baina gertakari horiek, oso larriak izan arren, icebergaren punta besterik ez dira, udal gobernu taldearen babesarekin udalean ezarrita dagoen jarduteko modu baten isla. Jarraibide bat, EAJren eta PSEren babes politikotik soilik uler daitekeen modus operandi bat.
Ordenantzak modu interesatuan interpretatu eta bihurritzen dira. Arauen aplikazioa lasaikerian erortzen da. Ageriko ez-betetzeen aurrean, begiak itxi egiten dira. Parte Zaharreko nonahiko sektore ekonomikoa babesten da. Labur esanda, ostalaritza jarduerari ematen zaio lehentasuna.
«Gertakariak, oso larriak izan arren, icebergaren punta besterik ez dira […]. Jarraibide bat, EAJren eta PSEren babes politikotik soilik uler daitekeen ‘modus operandi’ bat»
Hirigintza legezkotasunarekiko ez-betetzeen aurrean, udal gobernuak duen jarduteko eginbeharra ez betetzea, edozeinen begi bistan, baita arauak betearazteko ardura dutenen aurrean ere, ohiko prozedura da, sistematikoa, modu desberdinetan gertatzen dena. Hona hemen adibide batzuk:
1. 42 salaketa erregistratu ditu gure elkarteak, eta gobernu honek aldundiari paketatu nahi izan dizkio. Baina Arartekoak eta Udalbatzaren Idazkaritza Nagusiko Zerbitzu Juridikoaren txostenak hankaz gora jarri zuen hirigintzan erabilitako argumentarioa, udalaren inhibizioa gaitzetsiz. Ia hiru urteko arau hausteak, ostalaritza establezimendu batzuk nahi bezala ibili dituzten hiru urte.
2. Jarduera lizentziarik gabe ostalaritza establezimenduak erabiltzen ari ziren lokalak zirela eta, gure elkartearen 50 salaketen ondoren, (udalak lehenago ere antzeman ez zituenak), 2024ko ekaineko osoko bilkuran EH Bilduren mozio bat onartu zen, urtebetez eten zitzaten (luzamendua) ostalaritza lokal batzuek zerbitzu osagarri gisa erabiltzen ari ziren lokalen lizentziak. Zaharrean Parte Zaharreko merkatarien elkarteak eta gure elkarteak aurkeztutako idazkiari erantzun formal eta arrazoitua emateko eskatzen zitzaion udal gobernuari. Urte erdi baino gehiago geroago, bi kolektiboetako batek ere ez du komunikaziorik jaso, eta bitartean, lokalak biltegi gisa legeztatzen jarraitzen dute.
3. Espedienteen jarraipena egiteko informazioa ukatzea, eta horrek EAEko Informazioaren Euskal Batzordera jotzera behartu gaitu. Arrazoia eman digute beti.
4. Salaketei erantzunik ez ematea, eta beraz erantzunik eman ez dutenez, berriz bidali behar izatea, hilero-hilero.
5. Hainbat aste geroago egindako kontrolak, non jada ez den arau hausterik aurkitzen.
6. Zaratarengatik jarritako salaketetan, beranduago bertaratzen dira edo ez dira agertu ere egiten, agenterik ez dagoelako.
7. Establezimendu bati jarraian irekitako espedienteak, zazpiraino, non behin eta berriro egitea ez den kontuan hartzen zigorra mailakatzeko, eta ondorioz 150 €-ko zehapen/zigor arin bat ezartzen zaion, 90 €-tan gera daitekeena berehala ordainduz gero. Hutsegite arinak 750 € artekoak izan daitezkeenean.
8. Falta larri baten kasuan, teknikariek proposatuta, terrazarik gabeko hamabost eguneko zigorra gehitzen zaio isunari, baina zinegotziak abuztuko bi egunera jaisten du zehapena eta, establezimenduaren titularrak eskatu ondoren, azkenean urriko bi egunera aldatzen da (astelehen eta asteartea).
9. Zigortzeko moduko gertaerak, eta zailtasun handiz zigortzen dituztenak, baina data batetik aurrera zehatu/zigortzeko modukoak izateari uzten diotenak, zinegotziak hala agintzen duelako, nahiz eta teknikarien iritzia kontrakoa izan.
10. Berandu izapidetzen diren espedienteak, eta bertan behera geratzen direnak preskribatu dutelako.
Herritarren interesen arbitroak, udal agintaritzak edo beste zerbitzari publiko batek, ezin du jarraitu administrazio gaietan hain arbitrarioak diren ebazpenak mantentzen, jakinda ebazpen horiek bidegabeak eta legearen aurkakoak direla.
EAJk eta PSEk norabidea aldatu behar dute, eta Parte Zaharrean gertatzen ari diren legearen kontrako jarduerak eta arau hausteak babesteari utzi.