Erdipurdikoa
Hiztegian begiratzen badugu «a medias tintas», itzulpenean esango digu erdizka aritzea edo ibiltzea dela. Mutil koskorretan, eskolan genbiltzanean, mahai ertzean katilu bat izaten genuen tintarekin, eta, agortzen zenean, tintarik ez zegoenean, urarekin nahasten genuen, gelditzen zen tinta hondarrak gehiago iraun zezan. Jakina, handik ateratzen zen tinta urtsua zen, eta idatzi idazten zen tinta urtsu horrekin, baina ez zuen luzaro irauten. Horixe da «a medias tintas» idaztea.
Duela gutxi gure herriko alderdi politiko nagusiko parlamentari batek Ukrainara tankeak igorri behar direla, eta igortze horren aurka daudenengatik zioen ez zela garaia a medias tintas ibiltzeko, erabaki tinkoa hartu behar zela, eta, beraz, orain tanke horiek igorri behar zirela Ukrainara.
Ez naiz sartuko Europan luzatu eta luzatu ari den hildakoak eta hildakoak eragiten ari den guda horri buruz azterketa egiten. Soilik sartuko naiz aztertzen bakezale direla esaten dutenak nola aldatzen diren egoerak eskatzen duenean eta bihurtzen gerrazaleak.
Geure historia hurbilekoa eta ez hain hurbilekoa arakatzen badugu ikusten dugu orain Ukrainara tankeak igorri behar direla hain tinko esaten duen pertsona horren alderdiak ez duela tinkotasun horrekin jokatu eta jokatzen horrela ia inoiz.
Badakigu alderdi hori beti izan dela eta egun dela atlantista, alegia, NATOren aldekoa izan dela, eta egun ere horrela dela, baina, gogorarazi behar zaie horiei eta beste guztiei herri honek bozketa bidez ezezkoa eman ziola NATOri, eta hori ez dugu ahaztu behar.
Bi gaitan da alderdi hori jokabide argia eta garbiarekin: aipatu duguna eta bigarrena kapitalismoaren, korporatibismoaren defentsan, gainontzeko kontu guztietan zehaztasunik gabe aritzen da, erdizka aritzen da, anbiguotasunean, alegia: euskararen normalizazioaren arloan, Osakidetzan, Hezkuntzan, eta abar. Eta arlo politiko-historikora joaten bagara, berdin, beti erdizka, beti zehaztasunik gabe, anbiguotasunean: Aljeria, Lizarra-Garazi, Loiola, Ibarretxe plana…
Gerraren kontra dago, baina Ukrainara tankeak eta behar dena igortzeko arazorik ez du, horretan ez da erdizka ibiltzen, argi eta garbi jokatzen du.
Berdin korporatibismoari dagokionez, beti enpresa handi horien aldeko, hutsik egin gabe. Hor ditugu BBVA, Iberdrola eta Petronor adibide moduan. Beraz, atlantista eta korporatibismo kapitalista, osterantzean, erdizka aritzen da. Gure azken urte hauetako historia horixe da. Herritarroi dagokigun eguneroko jardunean, politika zehatza ekonomia arloan eta arlo publikoan pribatizatzearen alde.