Erdizkako erabakiak, animalien kalterako
Orain dela hamar urte dokumentatu nuen lehen aldiz zaldi eta astoen erabilera kaldereroetan, bai Parte Zaharrean, baita Loiolan ere. Askekintzak zabaldu zituen irudiak salaketa publiko eginez. Hortik bi urtera, talde honek berak animalien eskubideak bermatzeko argibideak aurkeztu zizkion udal gobernuari, eta salaketa publikoak taldea aktibo egon zen bitartean jarraitu ziren egiten: inauterietan, auzoetako festetan eta beste askotan behartzen ziren animaliak parte hartzera.
2022tik, Olentzeroren eta Errege Magoen desfileetan ez dituzte animaliak erabili, eta aurten, Euskadiko Animaliak Babesteko Legearen irizpideak jarraituta, helduen danborradek ez dute baimenik izan zaldiekin desfilatzeko. Asteburu honetan ospatuko diren kaldereroen konpartsa zaharrak zaldiak eta astoak erabiliko ez dituela zabaldu du, gainera.
Egindako presioak bultzatuta ala ez, badirudi animaliak errespetatze aldera aurrerapausoak ematen ari dela Donostiako Udala, baina errealitatea da donostiarron ospakizunetan animaliak esplotatzen jarraitzen dugula. Umeen danborradan zaldi gainean desfilatu zuen jeneralak, animalia ugari erakusgai izan ziren San Tomas egunean eta ez dakigu beste konpartsa edo auzoetako kaldereroetan animaliak gurdietatik tiraka ibiltzera behartuko dituzten beste urteetan egin den moduan.
Musika, soinu, jende eta garrasi tartean ibiltzea animalientzat kaltegarria dela jakina da. Zaldi, ardi edo astoek pairatzen dituzten estresa, beldurra, ezinegona eta kalte psikologikoak hainbatetan izan dira frogatuak, AVATMA albaitarien elkarteak txosten zabal batean adierazi zuen moduan, adibidez. Baina honetaz gain, ez da etikoa festaren parte izan nahi ez duen norbait bertan egotera behartzea. Animalien bizitzak ez dira gizakionak, gure menera erabiltzeko, haien presentzia politagoa, tradizionalagoa edo eta barregarriagoa iruditzen zaigulako. Ez dago tradiziorik justifikatuko duenik norbait gure festan parte hartzera behartzea, kaltetua aterako dela jakinda, gainera.
Beraz, gure jaiak animaliak errespetatzen dituztenak izatea nahi badugu, guztion interesak kontutan hartzen dituzten, berdintasunezkoak sentitzen duten norbanako guztiekin, animaliak hauetatik kanpo utzi beharko genituzke. Bitartean, animalien aldeko aktibistek adi jarraituko dugu, zezenketekin sartu ziguten ziria errepika ez dadin eta erdizkako erabakiak osoak izan arte.