...ere erera baleibu izik subua aruaren...
Entzun behar izan dugu inoiz, ea zentzurik ba ote duen Zinemaldi Alternatiboan ofizialean aurkeztutako pelikulak proiektatzeak.
Egia esan, ez gara oso ortodoxoak izango akaso, baina ez diogu eztabaida horri sekula denbora askorik eskaini. Finean, Zinemaldi Alternatiboa zerbait bada, emanaldi batzuk antolatuz gozatzen duen lagun talde bat da, ez besterik.
Baina behin gozatzen hasita, zergatik ez erakutsi hiriari zinema ulertzeko beste era bat?
Gure txikitasunetik, zinemaren bidez gogoeta kritikoa sustatzea dugu helburu, gizarte gai eta gatazka ugariei buruzko lanak proiektatu eta hauek eztabaidan jarriz, pentsamenduak eragin eta arazoei aurre egiteko bitarteko komunak irudikatzea. Eta Zinemaldi ofizialean —gaur egun izen ingelesa jarrita SSIFF deitzen dutena— aurkeztutako film batek horretarako balio badu, ez diogu uko egingo —aurten Bi Arnas dokumentalaren moduan—.
Zinemak badu zerbait, magikoa esan genezake, ikuslegoarengara iristeko gaitasun berezi bat. Barruraino sar daiteke, erraietaraino. Pelikularen protagonistaren sentimenduak gure egin ditzakegu, edo ezagutzen ez genuen lurralde urrun bateko gatazka bat ulertu. Eta horrek bilakatzen du zinema bizi dugun errealitatea aldatzeko tresna hain interesgarria.
Man Rayk Eman bakhia izena jarri zion 1926an sortu zuen film laburrari, nahiz eta euskaraz piperrik ulertu ez. Jose Antonio Sistiagak, berriz, euskara irudi lezaken (baina inolako zentzurik ez duen) …ere erera baleibu izik subua aruaren… izenburua jarri zion hamarkada batzuk beranduago bere marrazki filmari. Garaiko zentsurari kritika inplizitu bat egitearekin batera ba omen zuen halako mezu ironikorik Man Rayrentzako: «Ez iezaguzuela filmerik egin, eginen ditugu guhaurk». (Koldo Izagirrek dixit).
Ideia hori bera da, oinarrian, gure proiektuaren atzean ezkutatzen dena: inoren zain egon gabe, egin dezagun guk geuk. Guk geuk eta geure erara. Autogestioaren bidez, inori konturik eskatu beharrik gabe.
Eta Zinemaldi Alternatiboaren saio batera gerturatzen denak bertan goxo topatuko gaitu. Diruz aberats ez, baina mimoz ondutako proiektu bat da ezagutuko duena.
Hamabost urteko historia petrala dugu gurea, edo guk diogun moduan, 10+5. Eragiketa aritmetiko horrek Kortxoenean antolatutako bost jaialdiei egingo die beti erreferentzia. Eneko Goiak, izu filmen zuzendari onena bihurtzeko saiotan eraitsitako Kortxoenea. Zinemagile etsituaren ametsa zena, gure ametsen eraiste neurtua ere izan zen. Espero dezagun ez dela historiara igaroko Manteoko berdegunea suntsitu zuen alkate gisa, eta Kortxoenea izango dela curriculumean eramango duen Uliaren magaleko triskantza bakarra.
Berari eskaini diogu, beraz, aurtengo kartela, Bardemek gorpuztutako Santa pertsonaiari maileguan hartutako hitzez lagunduta:
-Gustu ona du morroiak.
-Gustu ona denok dugu. Honek duena dirua da. Alegia, eskisito bat dela.