Erlijioa eta gizarte zibila
Gai honetaz hemen aipatuko ditudanak ez dira izango beste munduko zerbait, baizik eta jada guztiok dakizkigun gauzak. Irutxuloko Hitza irakurtzen duzuenok eta Bagera euskara elkartearen berri dakizuenok jakitun zarete Urrats euskaltegiko gela batean hilero elkartzen urteak daramatzagula Elkarrizketa Filosofikoak izenarekin. Bada, azken tertulia ekainaren 3an izan genuen, eta bertara gonbidatu bat ekarri genuen. Eztabaidarako gaia: Erlijioa eta Identitatea, eta gonbidatua, Agustin Arrieta Urtizberea EHUko irakaslea. Berak Alberdania argitaletxean 2010ean Sinesmenak eta usteak liburua argitaratu zuen. Beraz, gai honen inguruan badaki zerbait.
David Humek (1711-1776) Erlijioaren historia naturala liburua idatzi zuen. Berak dioenaren arabera erlijioa ez da giza arrazoimenaren ondorioa gizabanakoak naturari dion beldurraren ondorioa baizik.
LAB sindikatuak ErlijiOFF izenarekin erlijioa eskoletan asignatura ez izatearen aldeko kanpaina abiatu zuen abenduan eta sinadurak bildu. Egun hauetan sinaduraren bilketa amaituko da Jaurlaritzara aurkeztuko. Edozeinek sina dezan aukera dago Interneten. Kanpaina honen helburua hezkuntzaren izaera laikoa aldarrikatzea da. Izan ere, gaur egun erlijio desberdinetako ikasgaia eta nagusiki katolikoa eskaintzen zaie ikasleei. Horren ordez, filosofia elkarrizketa moduan eskaintzea egokiagoa dirudi, hau da, giza-balioetan oinarritutako elkarrizketa ez dogmatikoak eskaintzea, non ikasleak protagonistak izango diren. Gainera, horrela eginez sistema propio baten aldeko urrats praktikoak egiten dira ikastetxe laikoaren alde.
Halaber, aipatu nahi dut orain dela aste batzuk, Parte Zaharreko taberna batean eta ostiral batean feminista talde handi bat euren lagun batzuk apostasia egin zutela eta ospatzen ari zirela. Zer pentsatua eman zidan. Gaur egun, lehen baino beldur gutxiago diogu erlijioari eta elizari eta ikusita nola ari diren jokatzen ez zait harritzen gero eta jende gehiago apostasiaren alde izatea.
Amaitzeko esan, izan genuen elkarrizketan atera genuen ondorio garbi bat, erlijioa eta sinismena bi gauza desberdinak direla, eta ez ditugula nahastu behar, alegia, gauza bat dela ateoa izatea eta beste bat apostata izatea.