'Ernesto Gascoren betaurrekoak'
Xabier Arberas, Parte Zaharreko auzokidea.
Aurtengo Euskal Jaiak direla eta, Ernesto Gascok publikoki eskatu dio udal gobernuari konprometitu/inplikatu dadila Parte Zaharra ez dadin bihurtu ohiko pixatoki eta zabortegi erraldoia. Nonbait orain konturatu da ezin onartuzkoa dela zer egoeratan dagoen gure auzoa garbitasun eta osasungarritasunaren aldetik. Hori begi-zorroztasuna!
Mirarizkoa dirudi Gascoren sudur-begien ahalmena hobetu izanak, bai baitakigu ahalmen horiek irabazi ez, galdu egiten direla denborarekin, eta fenomenoa are mirarizkoagoa begiztatzen zait ikusita, gainera, zein denbora laburrean gertatu den: oposizioan dirauen bi urteren buruan. Hori marka!
Ohituta gaude Donostiako Udaleko zenbait zinegotzi txit argiren ateraldi xelebreak entzuten tarteka, baina Euskal Jaiak direla-eta Ernesto Gascok egin dituen proposamenak irakurtzea –zehazki festa-egun handietan auzoan gertatzen diren osasungarritasun-egoera larriei aurre egitekoak irakurtzea– San Pablo zalditik bota zuen tximistargia bezalako kolpea izan da niretzat, eta horrek animatu nau hitz hauek idaztera.
Jakina denez, Odon Elorza buru eta Ernesto Gasco bera giltzarri, PSEk 20 urte eman ditu udal gobernuan, baina nonbait orain arte ez dute aukerarik izan ezer ikusteko; argi baino argiago gelditu zait oposizioan egoteak mirariak sortzen dituela. Izan ere, kontua da ez bakarrik Ernesto Gasco urte luzez izan dela udal zinegotzi, baizik eta gainera Parte Zaharrean bizi izan zela garai batez.
Orduan, nonbait, zahagi zahar batek larrua nola, halaxe zituen gogortuak haren zentzumenak. Edo, bestela, sinestarazi nahi digu orain bat-batean argia ikusi duela eta jabetu dela egia berdaderoak direla auzoko hainbat eragilek urte luzez eta Parte Zaharrean Bizi (PZB) auzo elkarteak azken urte honetan behin eta berriro salatu dituzten egoerak?
Jaio denetik (2012), Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea etengabe ari da lanean eta ekimenak eta proposamenak aurkeztu dizkio udal gobernuari festa-egun handietan (Euskal Jaietako estropadak, Santo Tomas, San Sebastian…), baina baita halako aitzakiarik gabeko beste edozein asteburu edo gautan ere, auzoa ez dadin bihurtu zabortegi eta pixatoki erraldoi publikoa.
PZB elkartearen ahaleginak, bestalde, beste ardatz bat ere badu, alegia, lortzea auzoko sektore guztiak –tabernariak, ostalariak, dendariak, elkarte gastronomikoak…– inplika daitezen helburu horretan.
Ezin dut etsi, ezta onartu ere, ikusita goiz batean auzoko umeak jolastuko –eta eroriko– diren leku horietan, gure aitona-amonak bueltatxo bat egin eta eseriko diren txoko eta bazter berberetan, bezperan, ikuskari lazgarri eta danteskoenak gertatu eta zerrikeriarik basatienak egin direla.
Hori ez da gizalegekoa, eta ezin onartuzkoa izango litzateke Donostiako beste edozein auzotan.
Auzo guztietako donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko politikak eta ekimenak ezin dira prestidigitazio jokoak izan gure politikarien eskuetan –orain ikusten ditugu arazoak, orain ez; orain ekiteko garaia da, orain ez–. Horrenbestez, itxuraz behintzat Gascoren proposamenari oportunismo politikoaren usaina dario. Nik hemendik gonbidatzen dut ez behin-behineko baizik eta behin betiko inplikatu dadin Donostiako auzo guztien bizi-kalitatearen alde eta bereziki Parte Zaharreko auzokideenaren alde.
Eta areago, baldin eta politikakeriak agintzen dituen lerratzeak alde batera uzteko prest baldin badago, gustura gonbidatuko dut gure auzo elkartean lan egitera, elkarren ondoan, baina ez bakarrik era guztietako gorputz isuri eta zikinkeriaz garbitzeko gure auzoa, baita kalean oztoporik gabe ibiltzea galarazten diguten (hemen ere pertsona itsu, elbarri eta mugitzeko zailtasunak dituzten auzokideak ditugu) eta larrialdietarako ibilgailuen bidea oztopatzen duten terraza eta era guztietako altzari eta tramankulu inbasiboei muga jartzeko, eta auzokideoi atseden hartzea eta lo egitea galarazten diguten era guztietako erasoei aurre egiteko ere.
Baina, jakina, ikusmen eta usaimen zorrotzenak izanda ere, zenbait osasun-kalte ezin dira ikusi; nahitaez bizi eta sufritu egin behar ditugu nonbait, Parte Zakarrean bizitzea erabaki dugulako
Hala eta guztiz ere, eta inoiz ez omen denez berandu, gure ateak zabalik dituzu, indarrak batu eta elkarrekin lan egiteko.