Unai Elizasu: 'Erotasuna'
Urte berri honetan bi gauza egitea erabaki dut: batetik, goizero laranja bat jango dut, eta bestetik… erotasunean bizi nahi dudala erabaki dut. Hiztegiak, erotasuna eta erokeria hitzak, modu berean definitu arren, ezberdinak dira nirekiko. Oso ezberdinak gainera.
Ez da erraza norbere bizitzaren norabidea definitzen. Ez da erraza norbere burua irudikatzen gaurtik hamar urtera. Ez eta bost urtera, ez bi, ez bat…ez bihar-era ere. Norabideak ezartzen zaizkigun gizarte bat da gurea. Baina norabideak ez, bideak maite ditut. Bidea interesatzen zait. Nora da, gutxienekoa.
Bidean nindoala ohartu nintzen erotasunaren ederraz. Denak etxean goxo zeunden batean, itsas bazterretik nindoan ni. Kazadora, txanoa eta eskuak poltsikoetatik urrun, bidearen ederraz eta ederraren bideaz gozatu nuen. Arrantzontziak, ortzimugatik zetozen, banan bana, mastilaren muturreko argi finaren babesetik, epelerantz. Neu berriz, ontzian sartu eta ortzimugarantza joateko gogoz. Ortzimugaren babesean argia pizteko gogoz. «Zelako erokeria!» pensatuko du inork akaso. Zelako erotasuna diot nik.
Erotasunetik egiten diren gauzak ederrak direla sentitzen dut. Erotasunean sentitzen delako. Eta sentitzen dudalako ederra naiz. Sentiarazten nautelako ederra naiz, ederra da.
San Sebastian bezpera da gaur. Danborrada, afariak, parrandak, angulak eta bla bla bla… honetaz guztiaz idatziko nuela pentsatuko zuen inork akaso.
Logikoa, horixe litzake. Baina, erotasunak ez du logikaz ulertzen, sentitzeaz ulertzen du; eta nik, laranjak zuritu nahi ditut goizero.
