Errai(l)etatik
Duela hiru urte hasi zen orain arte Donostiako Udalak martxan jarri duen proiektu faraonikoena: metroa. Hasieratik herritar askoren kexak pilatu zituen proiektu erraldoi horren lehen aurrekontua hotzikarak sortzeko modukoa da oraindik: 200 milioi euro. (180 milioi euro, buzoietara bidali zuten triptiko politak adierazten zuenez). Trukean, Antiguako auzotik Kontxara eta bertatik Easoko Euskotrenen geltokira hiru geltokitan banatutako lau kilometroko erraila.
Proiektuak aurrera egin du, eta hiru urtean Antiguako erraiak puntatik puntara zulatu dituzte, ondoren erdialdearekin hasteko; tartean, bizilagunok bizi izan ditugu susto bat edo beste (zarata, hautsa, kale mozketak, luiziak eta pitzadurak Bentaberrin, etxeen zimenduen dardarak Londresko hoteleko etxe inguruan, metroko langileen bajak eta kaleratzeak estresa eta lan baldintza kaskarrengatik…). Laugarren urtera gerturatzen gabiltzala, seko gelditu da zulaketa; arrazoia? Kontxatik Easorako zatian «ur eta hondar pilaketa» topatu dutela. Uste baino larriagoa da arazoa, metroaren lanetan lizitazio berria eskatu beharko dutelako; Iñaki Arriola sailburuak azaldu duenez, %80ko gainkostua izango du lizitazio berriak (2017an adostutakoaren arabera, dagoeneko 53,2 milioiko kostua izan behar zuen obraren zati horrek; bi kilometroko luzera du, eta %40 egitea lortu duten arren, zati bat ezingo dute egin).
Donostiarrontzat zaila da hiriko errai(l)etan gertatzen ari dena ulertzea, baina gero eta argiago dugu gainazalean pilatutako obrak, itxierak eta obren molestiak urtetan luzatuko direla; promestutako lau urteko proiektua denboran aurrera egingo du erremediorik gabe, uztailetik geldi baitago obra, oraindik martxan jartzeko aukerarik gabe. 28 langile kaleratu dituzte, eta orain, bi taldetan banatutako hamar langilek zulotzarra erori ez dadin mantentze lanekin dihardute.
Oraindik ere ez da argirik ikusten tunelaren amaieran. Bidean, protesta ugari antolatu dituzte Satorralaia elkarteko kideek, eta arriskuez zein gainkostuez ohartarazi dute, baina entzungor egin diete. Azken finean, gaurko arazoak, etorkizuneko laudorioak bilakatuko dira; behin dirutza gastatuta eta hiriaren erraietako zauriak estalita, Donostiak turismoa erakartzeko jostailu berria izango baitu, eta orduan, nor oroituko da kalteez eta buruhausteez? Baina azken hausnarketa modura, gustura jakin nahiko nuke oraintsu donostiarrek hiria zeharkatuko duen lau kilometroko trenbideaz duten iritzia.