Erreala, benetakoa
Ia aldi berean jaio ziren Realeko emakumeen futbol taldea eta Irutxuloko Hitza. Biek zuten, dute, militantziatik asko. Bestela, nondik atera indarrak Zubietan, iluntzean, elkarrizketa bat egiteko. Kazetariarentzat zaila bazen lanegun amaiezinaren azken txanpan galdera egokiak botatzea, zer izango zen horiek erantzutea ikasi edo behar egin eta gero entrenatu egiten zuen jokalariarentzat. Kazetarioi, behintzat, nomina xumearen bitartez egiten ziguten aitortza: gurea lana zen; haiena, jolasa edo.
Benetako futbolari izatearekin amets egiten duela entzun diot Leire Bañosi. Profesionalizazioaz ari da, dagokion ordaina jasotzeaz. Gainerakoan, erakutsi, ondo baino hobeto erakutsi baitute benetakoak direla.
Benetakoak direlako Zubietan jokatutako Ligako azken jardunaldian ia Merkabugatiraino zihoazen aparkatutako autoen ilarak. Benetakoak diren bezala, olatua aprobetxatuz, zuzendaritzan hartu dituzten erabaki batzuk: adibidez, azken partida hura Zubietako zelai nagusira lekualdatu izana, edo are lehenago, sarrera kobratzen hasi izana.
Aurreko denboraldian jendetza elkartu zen Anoetan jokatu zen derbian. Aurten zale gutxiago joan da han egin diren bi partidetara, baina benetakoagoak iruditu zaizkit niri. Askoren begietan, jolasa joko bihurtu izan balitz bezala.
Benetakoa, finala. Benetakoak, Granadarako joan-etorrian askok autobusez egin dituzten orduak. Han eta hemen geundenon oihu eta malkoak. Maitane Urbietak eztarria urratzeraino kantatutako golak. Benetakoa, Kopa.
Zubieta behin baino gehiagotan geratu zaizue txiki denboraldi honetan. Anoeta handiegi geratuko zaizuela esango dute askok, baina egiari zor, 40.000 lagunentzako tokia duen zelai berria Bruce Springsteeni ez beste edonori doakio handi. Kontua da agenda ezin dela periferiatik irauli. Nekez izango dugula emakumeak erdigunean jartzeko hau baino aukera hoberik. Anoeta berrian denok kabitzen gara, sobera kabitu ere.