Errelatoa
Zer da errelatoa, diskurtsoa ez bada? Hitzek osatzen dute errelatoa, hau da, diskurtsoa. Eta gaurko diskurtso hegemonikoa, gaurko ideologia hegemonikoa kapitalak egiten du.
Beraz, errelato nagusia eskuinak egiten duena da. Marxek esan zuen moduan, nagusitzen den ideologia botereak egiten duena da, alegia, errelato hegemonikoa agintzen duenarena da.
Eta, diskurtso hegemonikoan sartzen bagara, jai daukagu, galduta gaude. Izan ere, gure diskurtsoak askapenaren diskurtsoa izan behar du. Gure proiektuaren diskurtsoak, askapenaren diskurtsoa izan behar du.
Marifran Aranjuelok, duela gutxi Gipuzkoako Hitza-n egin dioten elkarrizketan (2021-12-03), esaten du Donostiako Metroari buruz gezur asko esan dizkigutela. Metroarekin egin duten moduan, turismoari buruz ere udal gobernuak bere diskurtsoa egin du. Metroari buruz, udal gobernuak esaten du beharrezkoa dela, autoak kenduko dituela hiri gunetik. Eta horrek ez du ematen egia izango denik, kenduko dizkigutenak bide horretan ibiltzen diren busak izango baitira, jada Dbusekoek salatu duten moduan. Turismoarekin ere beste horrenbeste ari da gertatzen. 2016-2021 urte tartean, 34 hotel berri egin dituzte, eta horiek ere beharrezkoak omen dira hiri eredu berria sortzeko. Zeren truke, eta belaunaldi gazteak hiritik atera eta periferiara edo inguruko herri edo auzoetara joan daitezen euren bizi proiektua egin nahi badute.
Turismoa da diskurtso hegemonikoaren lehentasuna Donostian, horrek ekarriko digulako guztion ongizatea. Tabernen atzean mafia handi bat dagoela ere esaten du Marifranek, egiten dioten elkarrizketa horretan.
Estatura begiratzen badugu, berriz, Vox-en diskurtsoan etorkinak dira gaizkileak; hau da, hauek lapurrak eta bortxatzaileak dira. Trumpek AEBetan egiten zuen moduan. Bestalde, Jose Mari Esparzak, duela gutxi (2021-12-07) argitaratutako artikulu batean Melitonium izena jarri dio Gasteizen ireki berri duten Memorial de las víctimas del terrorismo erakusketari. Hor ere, errelatoa egiten da, irabazleen errelatoa. Irabazleak eta galtzaileak gaudela, daudela. Eta horrela bizitzea nahi dute.
Hiztunak gara, eta hizkuntzaren bidez sortzen da ideologia, eta guk geurea sortzen ez badugu, ideologia menderatzaile horretan eroriko gara. Mundura begira jarrita, imajinatzen al duzue AEBetako agintariek Vietconekoei exijitzea barkamena eskatzeko egin zutenagatik?
Errealitatea diskurtso menderatzailearen eskuetan dago, gu diskurtso menderatzailearen esku gaude. Baldin eta ez badugu geure diskurtso askatzailea eraikitzen, mendean izango gaituzte, beti. Eta, guk beraien diskurtsoa onartzen ez badugu, erotzat hartuko gaituzte. Ezin badugu ikusi euren errealitatea euren ikuspuntutik, eroak izango gara. Errealitatetik at egotea ero egotea baita. Eta errealitatea menderatzaileen hedabideek egiten dute.