Erreparatu dezagun eta diezaiogun
Aurreko otsailaren 7an, Emaginek proposatuta, tortura feminismotik erreparatzeko helburuarekin batu ginen hainbat kide. Erreparatzea, judizialki, instituzionalki zein sozialki exijitu eta bilatu izan den egia eta berregite prozesu bat izan da sarri eta, feminismotik hori bera ere bagenuen helburu (edo zorretan). Goizean zehar, baina, tortura lehen pertsonan pairatutako batzuek, argi utzi ziguten, badaudela gauza batzuk inoiz erreparatuko ez direnak.
Pentsatu nuen, orduan, erreparatu hitz horrek baduela beste adiera bat eta, kasu honetan, torturari lotuta ere, ez ote zitzaigun falta, feminismotik begiratu, behatu edo ohartzea. Izan ere, arratsaldean hitza hartzera deitutakoen artean nengoen ni neu, hain zuzen, tortura lehen pertsonan ez, baina bigarren, hirugarren edo komunitatean bizi izan genuonon artean. Pentsatu nuen, nolabait, tortura lehen pertsonan bizitu ez izanagatik, hausnarketa hutsa izan zitekeen ekarpena izango zela nirea, baina kontua da, Emagineko kideek beste zerbait eskatu zigutela: bizipen pertsonaletatik tiraka, berrikuspena egin genezala. Ariketa egiten hasi nintzen momentutik, ohartu nintzen uste nuena baina zailagoa zitzaidan zerbaiti begira jartzeko gonbita izan zela hura.
«Pentsatu nuen ‘erreparatu’ hitz horrek baduela beste adiera bat eta, kasu honetan, torturari lotuta ere, ez ote zitzaigun falta, feminismotik begiratu, behatu edo ohartzea»
Hain zuzen, behaketa, begirada eta ohartze bide horretan, ikusi nuen, «komunitatean» bizi izan genuenak zenbat zuen errealetik. Zenbat izan ziren eskaria jaso eta otsailaren 7ra arte gogora etorri zitzaizkidan une, eszena, bizipen, beldur, isiltasun eta saminak eta, nola, ez nien inoiz modu honetan begiratu. Nola, ez nuen inoiz pentsatu torturak guztiongan izandako eragin zuzenean. Zenbat izan ziren dudak, zilegitasun krisiak, zenbat izan ziren inori inoiz kontatu gabeko sekretuak, zenbat lotsaz gordeak eta zenbat izan ziren entzun nahi izan gabekoak. Azkenean, horiek guztiak askatzea besterik ez zitzaigun geratu. Eta eskerrak.
Zeren, irudi dezake, egun erdiko jardunaldi batzuk ezin dezaketela gauza handirik aldatu bat-batean. Baina, hainbesteko isiltasunen (edota hitz egiteko manera bakarren) bueltan, edozein indarkeriaren aurrean lortzea zailena den horretara inguratu ginela uste dut: pertsonalki pairatutakoen mina eta beharrak ahantzi gabe, ardura eta bizipen kolektibotik erreparatzen hastera. Bere zentzu zabalenean. Eta bidea ez dugula abiatu besterik egin, hori ere badakit.
