'Erreskateak'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Trichet jaun agurgarria: Litekeena da inozoa izatea, baina ziur nengoen gaurko eguna ez zela sekula iritsiko. Uste nuen estualdiak eta larrialdiak iraganeko kontuak zirela, ataka zail batean egotetik salbu geundela, iraganean gauzak txukun eta taxuz egin izanak babestuko gintuela, betiko agian ez, baina bai bolada luze batez. Orain, ordea, badakit oker nengoela. Trichet jaunak, berorrek zuen arrazoi; futbolean, bizitzan nola, merkatuek agintzen dute. Ez genuen onartu nahi baina horixe da egia bakarra. Eta berorrek maiz dioen bezala, krisiak kolpatzen bazaitu, neurri gogorrak –eta biziki desatseginak– hartu beharko dituzu. Berandu bada ere, realzaleok konturatu gara horretaz eta horrexegatik, berorrengana jotzea erabaki dut. Berorren gorentasunak barkatuko dit atzera ere berorren hitzak aipatzea baina Realaren futbola deskribatzeaz ari garelarik, ez zait moldaerraza hitza baino egokiagorik. Moldaerraza, edo teletipoek dioten bezala, acomodaticia. Bai, Trichet jauna, gure Realaren futbola moldaerraza da. Esan nahi baita, edozein talderen beharretara moldatzen dela inolako arazorik gabe non eta beharra ez den berea. Arerioak azken postutik ateratzeko beharra badauka, gure taldea behar horretara makurtuko da konplexu handirik gabe; aurkariak etxetik kanpoko bere gol kopurua bikoiztu behar badu, Realak erraztasunak emango dizkio. Esan gabe doa ezen egoera honek –altxortegitik puntuak ateratzeak eta altxortegian puntu berririk ez sartzeak, alegia– gure taldearen kanpo zorra neurrigabeki puztu duela, hainbeste non merkatuaren konfiantza ez ezik jokalariena ere galdu baitu. Agian berorrek arraro iritziko dio eskaera honi, baina jada ez dakigu norengana jo, eta, pixkana-pixkana, etsipena nagusitzen ari da gurean. Berori erreskateak egiten horren iaioa izateak, ordea, itxaropen apur bat ekarri digu. Gainera, zer dira sei puntu ziztrin Portugalek behar dituen laurogei mila milioien aldean…?
