Erridikuluarena
Bizikleta ia egunero erabiltzen dut hirian zehar hara eta hona joateko, eta, horregatik, udaleko bizikleta alokairu zerbitzuko erabiltzailea naiz. Pozik nago zerbitzuarekin, bizikleta bat hartu eta itzultzeko prozesua erraza delako, eta bizikleta guztiak tramankulu samarrak badira ere, orokorrean dezente ondo daudelako.
Oso motela naiz bizikletan ibiltzen, eta, dena delakoagatik, batzuetan ez dut presarik izaten eta, hala ere, jendeari aurrea hartzen diot. Beti gauza bera gertatzen zait, eta zera da: gizon bat aurreratzen dudan bakoitzean, instintuari jarraituz, hiru, bi, bat… kontatzen dut eta hortxe, bat-batean, fixie bizikletan doan tipoa, duela segundo hiru soinua egiten duen udaleko zerbitzuko karrakarekin aurreratu duzuna, ezinean pedalei eragiten zure aurretik berriro joateko. Eta, okerrena da, gauzen ordena naturala berreskuratzeko bere ahalegin titanikoaren ondoren, aurretik zuen abiadurara itzultzen dela. Nik hemendik ateratzen dudan ondorioa da inbidia ematen didala erridikulua egiteko gizonek daukaten gaitasuna.
Konturatu naiz gizonek, beste hainbesteren artean, erridikulua lasaitasun osoz egiteko monopolioa daukatela, baita ere. Eta, niri izugarri gustatuko litzaidakeela erridikulua gustura egitea, baina itxurari garrantzia emateko hezia izan naiz, dena aztertzeko joera obsesibora naramana, nola esan, nola egin, nola jokatu neurtzeraino, erridikulua egiteari izua diodalako. Behintzat gizonei segurtasuna, lasaitasuna eta autoestimua kendu ahal banie. Egia da, gero ez nukeela jakingo pisu horrekin guztiarekin zer egin, baina agian erridikuluak guri eragiten eta epaitzen digun bezainbeste eragingo lieke, eta hori ere bada zerbait.
Oxala norberak bere bizikleta erritmoa naturaltasunez onartuko balu; edonola, hori egiten ez duenari erantzuteko gaitasuna izan nahi dut. Zeren, asmatu, nork jaisten duen erritmoa duela hiru segundo aurreratutako hura berriro ez pasatzeko, norgehiagoka erridikulu batean ez erortzeko?