Erritmo kontuak
Intxaurrondotik Groserako bidea hiriaren erritmoez jabetzeko abagune ezin hobea da. Bidea egiten duen edonork, izan oinez, autobusez zein autoz, hiru obra nagusirekin egiten du topo. Lehena eta handiena, egituraz eta finantzazioari dagokionez, Marrutxipiko lotunea delakoa. Obrak hasi aurretik zegoen paisaia zeharo aldatu dela begi bistakoa da, baina batez ere, klima larrialdiaz hainbeste hitz egiten den honetan, porlan-harriari gehitu zaion berde apurra deigarria da. Urteak beharko dira toki horretan zeuden zuhaitzek ematen zuten gerizpea, fisikoa zein biologikoa, osatzeko. Zuhaitzak berriz ere landatzeko borondatea behar da lehenik, baina.
Bidearen muturrean, udalak Mondragon Unibertsitateari teknikoki saldutako Nafarroa hiribidean zegoen Manteoko parkeko obrak, Basque Culinary Centerren lanak. Zimenduak jarrita eta abiada bizian gora doan obra. Hiriaren erritmoaren adierazle ezin hobea dira obrok: erakunde publikoek bultzatutakoak, bakarka edo partaidetzan, eta enpresa pribatuen esku daudenak ez dute baitezpada, inondik inora, erritmo bera.
«Donostiako demografia ikusita, adinekoentzako parke bihurtuko dute, akaso, Sorleku parkea, egiten dutenean. Egiten badute»
Horren adibide argia da bi toki hauen artean dagoena. Kotxeras pasatuta, udalaren eskuduntzapekoa den orube lau zabal samarra dago. Orubea edo trastelekua, ezin jakin zer den. Duela urte zenbait hesitu egin zuten, bertatik igarotzea debekatuz eta, bide batez, orubea makina, tresneria eta obretako materialen biltegi bilakatuz. Berez, haurrentzako parke bat dago bertan proiektatuta. Prozesu berritzaile eta parte hartzaile bat abian jarri zuen udalak 2017an, haurrek nahi zuten parkearekin amesteko bidea eman zuena. 2018-2019an, 6-9 urte bitarteko inguruko haurrak ibili ziren material desberdinekin euren beharretara egokitutako Sorleku parkea diseinatzeko lanetan, Alubi Haurren Hiri Partaidetzarako Elkartearen eskutik. Prozesuaren parte horretan ezin izan genuen parte hartu, haurrak urte eta erdi zituen eta txikiegia zen iritzia emateko. Baina, 2021ean diseinuaren lanketa auzora zabaldu zeneko bileratan izan ginen familian, eta ederra izan zen herritarrak bakoitzaren behar eta desirez hitz egiten ikustea. Haurrez gain, ezgaitasuna duten haurren senitartekoak, adineko pertsonak, zaintzaileak, egunero parkean ibiltzeko prest leudekeenak eta hiriari ikuspegi osatuago bat eskaintzeko begirada zutenak ginen bertan. Proposamen, eskaera eta iradokizunak proiektuan berau egikaritu aurretik txertatzeko aukera paregabea zen. Saio aberatsak izan ziren, maskarapean. Pandemia garaia zen.
Bi urte beranduago, 2023an, proiektuaren nondik norakoak aurkeztera etorri ziren udaleko ordezkariak, parte hartze prozesua burutu zuten adituak eta jasotakoari forma teknikoa eman zion arkitektoa. Ezinegona nabaria zen publikoan. 60tik gora lagun zenbatu nituen, gehientsuenak aurreko fasean parte hartutakoak. Orubea makinaz beteta zegoen, Marrutxipiko lotuneko lanak hastear eta ingurune osoa oraindik ere zabarrago aurreikusten zen.
Nostalgiaz eta amorruz begiratzen diot balizko parkeari parean pasatzen naizen aldiro (eta nahikoa maiz izaten da), batik bat, maldaren behealdera iritsitakoan, Manteoko lanek duten erritmoa ikusita. Udalak BCCko obren lizentzia eman zuenetik urtea bete da aste honetan. Parkea amestu eta diseinurako lehen eskakizunak egin zituzten haurrak nerabezaro betean murgilduta daude honezkero. Orain dela gutxi arte, autobusaren talaiatik orubearen paretik igarotzean, lehen hezkuntzan dagoen semeak galdetzen zidan parkeaz, tarteka. «Noiz jarriko dute lehengoan ikusi genuen parkea?». Donostiako demografia ikusita, adinekoentzako parke bihurtuko dute, akaso, Sorlekua parkea, egiten dutenean. Egiten bada.