Erronkei aurre eginez
Hamabi hilabetez gizarte moduan bizi izan ditugun gertaera garrantzitsuenak entzuteko aukera izaten dugu, zenbait ikuspegitatik. Balorazio horretan, urte berrirako erronkak adierazten zaizkigu. Hau da, zer utzi dugun atzean, konponduta, eta zer dagoen konpontzeko.
Caritas Gipuzkoak ere bere analisia egiten du, eta artatzen zein laguntzen ditugun ehunka pertsonaren bizitzaren ikuspegitik, dauden erronkak azaleratzen ditugu. Kezka moduan, bi gizarte egoera nabarmendu nahi ditugu, eta, era berean, bi konponbide.
Pobrezia gaztetu egin da. Pandemia hasi zenetik, ohartu gara gure gizarte harreraren zati handi baten hartzaileak, zuzenean edo zeharka, 30 urtetik beherako pertsonak direla. Datu esanguratsua eta kezkagarria da, eta ohartarazten digu sistema publikoak ez dituela gazteenak babesten.
Egoera horrekin, erronka moduan politika publikoek hiru arlotan sortu behar dituzte aukerak. Lan duina, bizitzeko adinako diru sarrerak lortzeko. Diru sarrerak, lan ezari edo prekarietateari aurre egiteko. Eta, azkenik, etxebizitza izatea, funtsezko beharra delako. Hiru zutabe horiek garatu behar dira, familien zaintza beharrak kontuan izanda.
Pobreziak harremanekin du lotura. Zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonek ez dute familia edo gizarte sarerik. Bada datu adierazgarri bat: Caritasek artatzen dituen pertsonen ehuneko handi bat bakarrik dauden pertsonak dira, familia edo gizarte sarerik ez dutenak konponbide bat emateko beraien egoera ekonomikoari.
Gipuzkoako gizartea solidarioa dela nabarmendu nahi dugu. Boluntario kopurua handitzea eta herritarren ekarpen ekonomikoak eskertzen ditugu. Horiei esker, besteak beste, familiei zuzeneko laguntzak eskaini eta kudeatu ditugu oinarrizko beharrak asebetetzeko.
Elkartasun horrek ekintza kolektiboagoak egitea eskatzen du. Batetik, pobreziatik eta bazterkeriatik babesten duten politika publikoei babesa emanez, eta, bestetik, espazio komunitarioak garatuz bakardadeari aurre egiteko; gero eta handiagoa baita.