Errudunak
Udako oporrekin amesten hasi bazarete, sentitzen dut, zuentzat etxeko lanekin nator eta. Lehenik, galdera bat egin behar diozue zuen buruari; urtean, astean, egunero, zenbat aldiz kexatu zarete? Berdin dio zuen haserrea piztu duen gaia; ekonomia, ingurugiroa, politika, lana, indarkeria… Bigarren galdera; nor bilakatu duzue gaitz horien errudun? Eta hirugarrena; zer egin duzue bidegabekeria hori konpontzeko?
Ez nator inor epaitzera; norbere ideia eta sinismenekin erabat koherentea izatea lortu duenak bota dezala lehen harria. Inurriak gara erraldoien erreinuan; ez dugu munduko gaitz guztiak sendatzeko botere magikorik. Ados. Internetek eta sare sozialek lau haizetara zabaldutako globalizazioak munduaren zama jarri digu sorbaldetan; antsietateak jota bizi gara, guztia amaitzera doala iradokitzen digutelako albistegiek egunero. Eta ez, munduari gertatzen zaion guztia ez da gure errua; ala bai?
Zer egin du gutako bakoitzak mundu hau leku kaskarragoan bilakatzeko? Galdera hau ere, uda honetako oporraldian zuen buruari egitea eskatuko nizueke. Sakon hausnartu; zein punturaino gara egunero lagun eta senideekin partekatzen ditugun kexa eta haserre horien arduradun? Izan ere, egunak, asteak, urteak igaro ditzakegu errua besteei botatzen. Bankuei, politikariei, enpresariei, dirudunei eta munduko gaizto guztei. Gertatzen zaizkigun gauzen errudun bilakatzen ditugu mundu globalizatu honetan topatu ditzakegun mamu erraldoi guztiak, batez ere, ukiezinak diruditen horiek. Geroz eta mamu handiagoak, orduan eta errudunagoak. Munduko sufrimendu guztia gurekin zer ikusirik izango ez balute bezala.
Baina gu ez gara inurriak. Borondate askoz ere handiagoa dute inurriek. Denbora luzeegiz interpretatu dugu izaki kaxkar, babesgabe eta inuzenteen rola. Gutako bakoitzaren barruan, bertuteak eta miseriak aurkitu daitezke. Ez gara izaki perfektuak; gizakiak gara. Hipokresian eta koldarkerian erortzen gara, akatsak egiten ditugu etengabe, eta ez dugu haietaz ikasten. Ez gara egia absolutuen jabeak. Ez ditugu arazo guztien konponbideak ezagutzen. Iritzi kontrajarriak ditugu. Baina oraindik badugu erabakiak hartzeko ahalmena, borrokatzeko aukera. Horregatik, uda honetan kexuren bat egiteko tentazioa sentitzen baduzue, egin zuen buruari azken galdera hau; egoera aldatzeko zerbait egiteko prest ote nago, ekintza hori inurri baten tamainakoa bada ere?