Errutinen maleta
Aldaketak bizitza aktiboarekin eta dibertimenduarekin lotu ohi diren bezala, ohikoa izaten da errutina monotoniarekin eta asperdurarekin lotzea. Askotan pentsatu izan dut ez nintzatekeela gai izango bizitza osoan zehar lanpostu berean aritzeko, aspertu egingo nintzatekeela (gaur egun lanpostu berean horrenbeste denboran irautea norbere esku balego bezala). Azkenaldian, ordea, ordezkapenetan aritu izan den irakasle naizen aldetik, errutina eskertzera iritsi naiz. Eskola batetik besterako aldaketa bera ohiko bilakatzen denean, ikasturte osoa lantoki berean eta etxetik gertu pasatuko duzula jakiteak patxada ematen du. Eta argi dago jende askok ez duela halako aukerarik izaten. Lanaldi laburren garaia da, kontratu labur eta prekarioena, eta hala ere, etengabeko aldaketa balio positibotzat aurkezten zaigu: berritu ezazu zure itxura, nahi beste kontsumitu, erosi arropa, bota zapatak, aldatu. Erosi telefono mugikorren azken modeloa, aldatu etxeko dekorazioa, egin itzazu plan ezberdinak, aldiro ezagutu toki berriak, eman izena kiroldegiko azken eskaintza arraro horretan. Berrikuntzaren, aldaketen eta kontsumoaren ideiak zoriontasunaren sinonimotzat saldu nahi izan dizkigute, eta hein batean sinestera iritsi garela ere esango nuke.
Baina dena ezegonkorra den garaiotan badira aldatu nahiko genituzkeen eta bere horretan irauten duten egoerak ere: atzo iluntzean entzun genuen berrietan gizon batek bere bikotekide ohia eta familiakoak hil zituela. Estatu espainoleko presidentea imajinatu nuen larrialdi egoera deklaratzen. Ameskeria. Antza, errutinen barruan kokatzen dira emakumeen hilketak. Eta normaltasun jasanezina sentiarazi didan beste egoera bat bizi izan dut gaur goizean: lanera bidean irakurri ditut McCafe, McDonald’s eta Forum Donostiako Bulebarreko Bretxan, beirazko erakusleiho eleganteetan. Bitartean, nekazarien postuak karpa txiki batzuen pean edo lur azpiko -1 mailan daude.
Iaz Ribabellosako sei urteko ikasleekin eskolako lehen orduan lantzen genituen errutinak: goizero, zenbat bertaratu ginen kontatu eta asteko eguna egutegian markatutakoan, bakoitzak nola sentitzen zen kontatzen zuen. Jarraian irakurtzen genuen Begira begira. Tradizioaren leihotik liburuko ipuin edo hitz-jokoren bat. Maletak egin nituenean nirekin etorri zen liburua, baina gaur arte ez dut berriro zabaldu. Errutina batzuk maletatik atera eta beste batzuk betiko gordetzeko garaia da. Geureak finkatzekoa. Horietatik, uste baino gehiago ikasten dugu eta.