Eskaleak
Artikuluak idazten hasi eta gutxira, zergatik neronek garbi ez dudala, izenburuek hitz batekoak izan behar zutela erabaki nuen. Orain zalantza dut erabaki egokia izan ote zen, batzuetan zaila baita hitz bakar batez idazlanaren nondik norakoak taxuz azaltzea. Irudipena daukat horixe gertatuko dela gaurko artikuluarekin, eta, hori dela eta, ezertan hasterako, argitu beharko dudala zertaz ariko naizen.
Eskaleak jarri dut, baina argiago zatekeen Eskularru zuriko eskaleak ipintzea, gogoan ditudanek ez baitute zer ikusirik elizetako eta merkataritza guneetako ate ondotan egoten direnekin.
Asko dira diru eske dabiltzan erakunde, elkarte, plataforma, mugimendu eta gisa bereko taldeak. Gobernuz kanpoko erakundeak izaten dira, elkartasun ekintzetara emanak, eta haien jarduera onberarekin estatuaren ahaleginak osatzen saiatzen dira, duten helburua azkarrago lortze aldera. Irabazi asmorik gabekoak izaki, administrazioaren laguntzak jaso arren, beren lana egin ahal izateko baliabide gehiago behar dutenez, herritarrei eskatzen diete. Eta eskerrak boluntario andana baten laguntza duten, bestela, egunez eskean eta gauez lapurretan ibili beharko lukete.
Diren guztiak zerrendatzeko asmorik gabe, jarraian aipatuko ditut haietako batzuk, nortzuez ari naizen hobeto uler dadin: Minbiziaren Aurkako Elkartea, Medicus Mundi, Caritas, Mugarik Gabeko Medikuak (eta Erizainak, Ingeniariak…), Unicef, DYA, Elikagai Bankua, EITB bere Gabonetako maratoiarekin… Urtero-edo, kanpainaren bat antolatuko dute, eta hor ikusiko ditugu, kale kantoietan, boluntario batzuk jendeari informazioa ematen eta dirua eskatzen, beste batzuk etxeetara telefonoz deika aritzen diren bitartean.
«Nekagaitz jarduten dira oinezkoei esaten, gutxi bada ere, zerbait emateko. Aletegia aleka betetzen delako. Eta ni horrekin erabat bat nator. Eskatzea libre da, eta ez ematea ere bai»
Badakite, ondo jakin ere, ez dutela herritar xumeengandik gauza handirik espero behar, baina nekagaitz jarduten dira oinezkoei esaten, norberaren ahalaren arabera, gutxi bada ere, zerbait emateko. Asko balio dutela ekarpen txikiek ere, aletegia aleka betetzen delako. Eta ni horrekin erabat bat nator. Ez naiz, beraz, aipatu erakundeak kritikatzen ari. Eskatzea libre da, eta ez ematea ere bai. Norberak jakingo du zer egin.
Bada boluntarioen lana gaitzesten duenik, estatuari dagokion lana eginda, bestela sortuko litzatekeen enplegu publikoa sortzen ez delako. Badira, halaber, «herritarren babesleak eta iritzi publiko sortzaileak» erne egoten direnak herritar xeheei ziria inork sar ez diezaien. Hizpide dugun kasuan, berriz, isilik egoten dira. Nonbait ontzat ematen dute lehendik ere astun samarrak diren bizkar zorroak gainzamatzea. Puskak biltzen ibiltzea merezi duela usteko dute, askoren ekarpen txikiekin asko bil daitekeelako. Bada, jokaera horrek atentzioa eman dit, beste hainbat arlotan ez baitute horrela jokatzen.
Ingurumenaren zaintzan, trantsizio energetikoan edota klima aldaketaren aurkako borrokan herritarren ekarpenek (adibidez, ura, energia, plastiko eta abarren kontsumoa gutxitzea), ezinbestean txikiak haiek ere, haien aburuz ez dute ezertarako balio. Hutsaren hurrengoak izanik, ez omen dute merezi ezta aintzat hartuak izatea ere. Hori enpresa eta erakunde handiei soilik dagokiela diote, eta herritarrak, batez ere gazteak, bakean utzi behar direla. Horretan datza nire harridura: gauza berak batzuetan asko balio du eta bestetan batere ez. Bitxia, ezta?