Eskerrik asko
Igaro da martxoaren 8a beste urte batez, eta aspaldi ez bezala atera gara. Kaosak hartu ditu kaleak, nahastu gara, desorden zoragarri batean. Itzuli dira orain arte maskara azpian ezkutaturiko irribarreak, begirada konplizeak, oihuak, amorruak eta pozak…
Askotan esan dugu martxoaren 8a borroka eguna izateaz gain, eta hori begiz galdu gabe, ospatzeko eguna ere badela. Elkarrekin gaudela eta elkarrengatik egiten dugula ospatzeko eguna.
Partekatzekoa, elkar besarkatzekoa, emozionatzekoa…
Egia esateko, antolakuntzan aritzea ez da erraza. Jende eta elkarte anitzez osaturiko talde batek elkarrekin horrelako egun bat antolatzeko apustua egiteak lan handia eskatzen du; gure arteko harremanak zaintzeko, iritzi guztiak aintzat hartzeko, adostasunak bilatzeko, horrelako egun batek dituen lan kargak banatzeko, ardurak hartzeko… Gainera, feminismoek azken urteetan agenda askotan kokatzea lortu badute ere, hiriko kaleak betetzeko indarra badago ere, gero eta jende gehiagok bere burua feministatzat badu ere, tamalez, hori ez da beti asanbladetan islatzen. Eta nekeza da, bai, horrelako egun handi baten antolaketak suposatzen duen zama hori dena hartzea.
Horregatik, gaurkoan, eskerrak eman nahi dizkiet nire kide feminista guztiei. Gaur egun, asanbladetan parte hartzeko gogoz jarraitzen badut haiei esker delako. Unerik gogorretan ere, borrokak merezi duela berresten didatelako. Eta eusten nautelako, asanbladetan eta bizitzan.
Eskerrik asko indarra izateagatik. Eskerrik asko honetan sinesteagatik. Eskerrik asko ilusioa mantentzeagatik. Eskerrik asko irakatsi didazuen guztiagatik. Eskerrik asko momenturik zailenetan ere barre eginarazteagatik. Eskerrik asko negarrak eusteagatik. Eskerrik asko amorruari lekua egiteagatik. Eskerrik asko besarkada maitakor guztiengatik. Eskerrik asko poteoengatik, perreoengatik, kantuengatik, kontuengatik, hizketaldiengatik, erokeriengatik…
Finean, eskerrik asko etxe izateagatik.