Eskola kirola
Aste honetan irakurri dut, azken hilabeteotako albisteen ondoren, baietz, klubek antolatzen dituzten kirol jarduerak eskola kirolaren pare jarriko direla. Alegia, eskolek adina entrenamendu eta partida antolatu ahal izango dituztela eta larunbat goizetan ere, kluben arteko partidak kontraprogramatuko direla.
Pena eman dit, egia esan. Bai, pena eman dit, iruditzen zaidalako, beste behin ere, arrain handiak txikia irentsi duela, oihaneko legeak zuzentzen duen gizarte honetan.
Begira, eskola kirolaren planteamendua ez da perfektua eta hainbat aspektu ditu hobetzeko, zalantzarik gabe. Baina, uste dut kirolaren eta, beraz, gizartearen ikuspegi bati erantzuten diola. Eta kluben planteamenduak, beste bati.
«Pena eman dit, iruditzen zaidalako, beste behin ere, arrain handiak txikia irentsi duela, oihaneko legeak zuzentzen duen gizarte honetan»
Ulertu dezakegu kirola osasuna zaintzeko tresna gisa, gozamenerako eta laguntasuna indartzeko espazio gisa, sozializaziorako eta garapen pertsonalerako aukera paregabe gisa, lehiarako lehen hurbilketa atsegin eta neurtu gisa. Ulertu dezakegu, beraz, kirola inklusiorako eta gizarte kohesiorako aukera gisa.
Edo ulertu dezakegu kirola, irabaztea eta onena izatea helburu duen joko gisa, norbera besteen gainetik nabarmentzeko lasterketa baten gisan, taldearen gainetik indibiduoa gailentzeko ingurune gisa, amets ezinezko batzuen izenean frustrazioak sortzeko negozio baten gisan.
Eta pena ematen dit, iruditzen zaidalako konpartitzen ez dudan aukera hautatu dugula; arrain handiak txikia irentsi duela, alegia.
