Eskolan batu gaitezen
Agerraldia amaitu berri genuen: Donostiako hamasei ikastetxe publikok eraikinen mantentzerako eta hobekuntzarako finantzaketa igotzeko eskatu genien Donostiako Udalari eta Hezkuntza Sailari. Tartean, kazetari batek galdera egin zidan: zuena zer da ikastola ala eskola publikoa? Deigarria egin zitzaidan, kontzeptu antagonikoak bailiran aurkeztu baitzituen. Biak, erantzun nion: ikastola eta publikoa.
Izan ere, Donostian bagara herri ekimenak sortutako ikastoletatik gatozenak, eta publifikatzeko pausoa eman genuenak. Gure ikastolan, badira publifikatzearen kontra bozkatu zuten irakasleak, eta eskertzen dutenak garai hartan familiek publifikazioaren bozketan irabazi izana. Erabaki erabat positiboa izan zela aitortzen dute, zalantzarik gabe. Ez dut ukatzen kontrako bizipenik ere egongo denik, baina ibilbide hori arrakastaz egin duen aitortza gara.
Euskara, euskal kultura eta komunitatearen sarea indartzeak jarraitzen du izaten gure oinarri eta helburu, erronka metodologiko eta berritzaileak ahaztu gabe, noski. Komunitatearen saretze horretan, hezkuntza unibertsala, doakoa, guztiontzat dena gauzatzen dugu, eta azken urteetan jendarteak bizi izan duen aldaketekin, herritarron kohesioa eta euskalduntzea lortzeko bitartekoen beharra inoiz baino handiagoa dela ikusten dugu.
Eskola publikoak ardatz izan behar duela eskatzen dugun honetan, honakoa da gure aldarria: finantzaketa handitu jendartearen kohesioa eta euskalduntzea sustatzeko tresnetan, bai pertsonaletan zein materialetan. Azken hilabeteotan eman diren segregazioaren aurkako hitzaldietan, giltzarria zein den argi dago: kalitatea. Hezkuntza kalitateak bermatuko du ikasleriaren arrakasta eta ongizatea. Eta, gainera, kalitate horretan familia pluralak bermatzen baditugu, jatorri eta ezaugarri ezberdinetakoak, jendarte hezkidetzaile, bateratzaile, osasuntsu eta euskaldunagoa lortuko dugu. Kalitate horretan Euskal Curriculum propioak berebiziko tokia izan behar du, Euskal Herri osoko eragile, komunitate eta profesional ahalik eta gehien elkarlanean.
Beraz, eman bitartekoak hezkuntza publikoari. Publikotasuna zer den edo ez den eztabaidatzen ari garenez, bada oso argigarria den ariketa sinplea: behatu eskoletako familien sarrerak. Jar zaitezte eskoletako atarietan, goizeko 08:50ean. Donostian badira fisikoki parez pare dauden eskola publiko eta itunduak, beraz, ez da zaila alderaketa egitea. Ederra izango litzateke inoiz familia bakoitza zein eskoletako atarira joango den ezin asmatzea!