Eskuin muturreko FN bat Euskalerrian?
Ramon Labaien, idazlea
Hauteskundeak Frantzian. Kantonalak. Hemen esango genuke, herrialdetakoak, horrelakorik balego. Abstentzioa %55ekoa. Jendea aspertua dagoenaren froga? Urteak joan eta urteak etorri, hor ibili dira herritarrak, eskuinetik ezkerrera jotzen eta ezkerretik eskuinera, errebote joko politiko batean bezala. Eta jendearentzat, dirudienez, dena alperrik, aurrerapausorik ez delako nabaritzen. Zer gertatzen zaie frantses horiei? Denetatik pittin bat. Krisialdia batetik, noski. Eta gero, etorkinek, gehienak musulmanak, sortzen dizkieten arazoak. Frantziaren nortasun zaharra, betidanikoa, desagertzen ari dela, nolabait Arabia Saudiren probintzia, edo era horrelako zerbait, bihurtzen. Hortik, atarian duten eztabaida, nola bizi daitezkeen elkarrekin Frantziako Errepublika laikoa eta Islama. Eta Islamaren gibelean datorren lege koranikoarekin. Estatu laiko batean, legeak herritarrek egiten dituzte, eta ez erlijio honen edo haren buruzagiek. Bat eginik eztabaidaren aurka azaldu direnak, baina segur aski, arrazoi desberdinengatik. Eta bitartean hor doa Sarkozy laikoa, santutegitik santutegira, Frantziaren sustraiak kristauak direla azpimarratzen. Fedea eta botoak? Gauza izanik, politikak ez badio kasurik egiten herritarren larritasunei, erantzunak eskuin edo ezkerreko muturrekoek proposatuko dituztela. Zentzu gabekoak, baina erantzunak. Hortik Marine Le Penen fenomenoa. Frantzia frantsesentzat eta kanpora Europa eta euroa. Berriro mugak. Eta arabiar, bereber eta beltzak, txispak egiten alde. Eta pateretan datozen paper gabekoak, berriro buelta Afrikarantz, eta bidean egarriak txikitzen baditu… Denak astakeria hutsak. Baina %55eko abstentzioarekin eta guzti, 900.000 boto. Beldurgarria benetan. Euskalerrian horrelako zerbait gertatzeko arriskurik ba ote dago? Hemen ere aspertu al gaituzte Afrikatik etortzen zaizkigun hainbeste lagunek –mairu beltzak zioen aspaldi Iparragirrek– eta sudaka esaten diegunek? Batzuek eta besteak, hezurretaraino esplotatzen ditugunak. Hori ahantzi egiten zaigu… Arrazistak ote gara? Noski erdara indartzen dutela Euskalerrian, pausoz pauso botoa lortuko dutela, eta ez dakigula nori emango dioten… Herritar abertzaleak, Frantzian bezala, hor gabiltza, errebotatuak, ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera, askotan ez dakigula norantz jo. Batetik, ETA, sozialismoa eta indarkeria, eta sortu ez den SORTU, sozialismoa eta demokrazia, hainbeste boto galduekin oraingoz. Bestetik, EAJ, zentroan, demokrazia eta bakea. Alderdi bakoitzak bereari eusten. Gehiegitxo. Horrela gauzak ez ote zaigu hemen ere, Marine Le Penen estiloan, eskuin muturreko Mari Inaxi eroren bat sortuko gauzak borobiltzeko? Auskalo.