Espazioen bataila
Joan den abenduaren 30ean urte bat bete zen Rekalde tabernari azken agurra eman genionetik. Agur kolektiboa, sentikorra, aldarrikatzailea eta duintasunez betea. Zuetako askok dakizuen bezala, egun, hiriko beste txoko batean dihardugu, gure proiektuari jarraipena emanez; baina hori ez da gaurko gaia.
Agur egunean genioen modura, Parte Zaharretik alde egin behar izateak porrot kutsu bat izan zuen. Orduan, ez lehenengoak ezta azkenak ere ez ginela esan genuen. Urtebete beranduago, panorama are itsusiagoa da. Zer zetorkigun soberan bagenekien arren, oraindik sumindura sortzen digu ia astero taberna edo saltoki baten itxieraren berri izateak. Aspalditik dakigu hiria gobernatzen dutenek hiri eredu jakin baten aldeko apustua egin zutela. Eta, noski, diru asko ukan, baina gehiago eduki nahi dutenak, ezin hobeto baliatzen ari dira instituzioetatik eskaintzen ari zaien ‘urrezko’ aukera hau. Dirua eta boterea maite dituzte. Kasu dezentetan, politikariak eta enpresa-pertsonak elkar komunikaturik daude.
Aspalditik genekien arren, gure begien aurrean gure hiriaren txoko maitagarrien suntsiketak aurrera jarraitzen du. Amaierarik ez duen amesgaizto baten moduan, baina gordinago. Esnatzerakoan, dena kendu digutela ohartzen gara. Baina hau ez da zerutik datorren madarikazio bat. Egoera honek erantzule zuzenak ditu. Denak ez du balio. Horregatik, lagunartean, lantokian, familian… gai hau ateratzen den bakoitzean, ez gaitezen mugatu “abetu al zara itxi duten azkenaz?, Hau pena!” komentario hutsalera. Argi utz dezagun gure elkarbizitzan ondorio oso larriak izango dituen prozesu honek geuk aukeratzen ditugun politikariek egin dutela posible.
Anekdota pare bat kontatuko dizuet. 2018ko Aste Nagusiaren astegun batean Rekalde tabernaren kanpoaldean hamalau bat heldu eta lau haur bazkaltzen ari ginen. Ez musikarik, ez zaratarik, ezta oinezkoei oztoporik ere. Udaltzainak etorri eta altxarazi egin gintuzten, kalean bazkaltzea ordenantzen aurka zihoala argudiatuz. Ados. Handik hamabost egunetara, Sagardo Egunean, kaleak jendez lepo zeudela, Parte Zaharreko jatetxe ezagun baten kanpoaldean, Asiatik luxuzko ezkontza batetara etorritako 80 bat lagun zeuden kalea guztiz oztopatzen. Ezkontzaren programa erakutsi ziguten, eta hiru egunetarako hiriko toki esanguratsu batzuk haientzat alokatuta zeuzkaten.
Bigarrena, anekdota baino gehiago, egiaztatze izugarria da. Badira tabernak non zerbitzariak gai diren ingelesez eta japonieraz karta azaltzeko, baina “bi kafesne” eskatuz gero, poker aurpegia jartzen dizutenak. Rekalde eta beste asko kendu dizkigute. Turismofobiaz kutsatuta gaudela esaten digutenei zera erantzungo nieke: izatekotan, kapitalismofobia da gure diagnosia. Eta bidaiatzea gomendatzen diguten kosmopolita very cool horiei, hauxe nire gomendioa: itzul daitezela turismoa ikuspegi merkantilistatik garatu duten hirietara, eta hiritarren bizi kalitateak nolako galera izan duen ikus dezatela. Bertakoek beraien espazioak berreskuratzeko bataila hasi dute dagoeneko. Eta gu?