Esperientziaren gelak euskaraz ere bai
1996-1997ko ikasturteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) urtero eta arrakasta handiz, 55 urtetik gorako 50 lagunentzako Esperientziaren Gelak deituriko ikastaroak antolatzen ditu, beraietan parte hartzeko inongo titulurik eskatu gabe.
Ikastaldia bi fasetan gauzatzen da. Lehenengoak lau urteko iraupena du, eta, haren bukaeran ofiziala ez den eta, beraz, lan mundurako baliorik ez duen Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua banatzen da. Bigarrena, Helduentzako Unibertsitate Ikastaroak, hiru urtekoa da, eta berau egin ahal izateko, arestian aipaturiko tituluaren jabe izan behar da. Azken ikastaro hauek EHUko zenbait gelatara joateko aukera ematen dute, hori bai, entzule gisa soilik.
Urteko jarduna bi lauhilekoetan banatzen da, eta bi motatako ikasgaiak dauzkate: derrigorrezkoak edo tronkalak eta hautazkoak. Ikastaldi osoan hemezortzi ikasgai tronkal lantzen dira, denak gazteleraz, eta eskaintzen diren 24 hautazkoetatik, hiru baino ez dira euskaraz ematen.
Hainbat ikasle, ikasle ohi eta euskaltzalek Esperientziaren Gelak Euskaraz ere bai izeneko plataforma eratu dugu, helburu garbi batekin: aipatu ikastaroak euskaraz ere egin ahal izatea
Hizkuntza datuei erreparatuta, lasai asko esan genezake hizpide ditugun ikastaroetan euskarari emandako tokia eskasa dela; hutsaren hurrengoa, alegia. Ulertzekoa da hasiera hartan ia dena erdaraz egitea, euskaraz irakurtzen eta idazten ondo moldatzen ziren 55 urtetik gorako pertsonak gutxi izango zirelako. Baina, geroztik, gauzak errotik aldatu dira, eta egun asko dira euskaraz eskolatutakoak.
Hori dela eta, hainbat ikasle taldek, behin baino gehiagotan, ikastaroak euskaraz ere emateko eskatu dute, baina arduradunek azken eskaerari ezezko borobil batez erantzun diote, inongo argibiderik eman gabe. Agian, eskaeraren atzean oinarri sendorik gabeko talde txiki bat dagoelakoan.
Horiek horrela, aurten, hainbat ikasle, ikasle ohi eta euskaltzalek Esperientziaren Gelak Euskaraz ere bai izeneko plataforma eratu dugu, helburu garbi batekin: aipatu ikastaroak euskaraz ere egin ahal izatea. Eta berriro egingo dugun eskaera aintzat hartua izan dadin, euskal komunitatearen laguntza behar dugu. Euskalgintza osatzen duten taldeena ez ezik, herritar arruntena ere bildu nahi genuke, antolatzaileei ikusarazteko egitasmoa jende askok begi onez ikusten duela. Beraz, plataformaren asmoekin bat baldin bazatoz, irakurle, mesedez, eman izena, helbide honetan: Forms.gle/TEJbgUNG5RtRNMdK8. Hala egiten baduzu, biziki eskertuko dizugu. Eta gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko gaituzu: esperientziarengelaeuskarazere@gmail.com.