Estatu egile diskretuari
Dena ukatzen dizutenean, zerutik ez direlako etorriko mirakuluak jakitun, irtenbide magikorik ez dagoela eta inori itxoin gabe gauzak geuk egin behar ditugunaren beharra eremu batzuetan irakaspen zaharra da. Teoria birjinatik egitasmo konkretuari jauzia egitea derrigorrezkoa da, nahiz eta egunerokoan hainbat kontraesanetan erori. Euskaragatik ari gara eta estatu gabe ere, ahal den neurrian eraiki behar izan dira gure hizkuntza sustatu eta bizirautea bermatzeko tresnak.
Izan ere, oztopo guztien gainetik, herritarrek abian jarri zituzten euskarari arnasa eman eta dena zerri askara ez botatzea ahalbideratu dituen proiektuak. Amonen sukaldetatik kaleetara sua bezala zabaldu zen euskara gure artean, munduko hotzaren aurrean gu epelduaz eta denari zentzua emanaz. Baina berotasun hori beste batzuentzat sute kontrola ezina izanik, itzaltzea nahi dute. Gainera, ez da erraza mugarik ez duen mundu honetan beste hizkuntza erraldoiez itota ez geratzea. Zer egingo diogu ba, inork ez zuen esan erraza izango zenik, gu gara eta sua piztuta mantendu behar dugu, bestela gu izateari utziko diogu.
Egin ziren euskara batua, ikastolak, aldizkariak, erakundeak… euskara lau haizetara zabalduaz bere aurka jarritako muga guztien aurrean. Eta tartean proiektu xume bat, xumeena, egunkari bat euskaraz. Kazetaritza konprometituaz gain, nola ez, gure Martxelo buru, beste ehunka laguntzailerekin, eta buru sendoekin, deitu Zumalabe, Uria edo Larrarte, nekez, errealitate sendo bilakatu zen egunerokoa. Ez da bide erraza izan, poetak zioen bezala, betea baitago juizioz, legez eta trabaz. Baina itsasoko lanak hain handi direnean ere, beti agertu zaizkigu itsasargiak. Galernek, ekaitzek eta tsunamiek ere ezin izan gaituzte ondoratu, iluntasun sakonenean ere beti argi izpi batek bidea argitu eta portu segurura eraman gaitu.
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
eta hemen bildu dan indarraz
grinaz eta poz taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz.
Norabidea markatu diguten argi horiek izen-abizenak dituzte eta haragi, hezur eta odoloz eginda daude. Asko aipatu beharko genituzke justizia pixka bat egiteko. Baina, horien artean, gaurkoan, garai txarrenetan, beltzenetan, beti aldamenean eta guztion alde dena arriskatuz bidea argitzen zigunaz gogoratu nahiko nuke. 2003ko urri hotz hartan gure amen sukaldetan egon zenaz. Epika desagertzean, herri zahar hau eraikitzen inoiz baino konpromiso eta izardi gehiago jarri behar dela jabetuaz, inoiz akatsik egin gabe eguneroko lanean beti iparra erakutsi digunaz. Inoiz baino heroikoagoa, ezinbestekoagoa, izan behar den garaietan, hor agertzen zaizkigu estatu egileak, Esnaolak dioen moduan.
«Gure herrian ere dugun euskara maila ez zen zerutik etorri, gogoratzen ote gara nortzuk sortu ote zuten IRUTXULOKO HITZA. Eta zorionez, oraindik asko zeukaagu hiregatik jasotzeko»
Ez zaio gustatuko, baina hitz batzuek idatzi beharra dago, gure hitzak ez daitezen guztiz airean gal. Beti apal eta umil, diskrezioz, baina ezin duk beti pasatu oharkabean, Iban. Atzera begiratu eta egindakoak adierazten duelako dena, hire maila, azkartasuna eta konpromisoa. Gure herrian ere dugun euskara maila ez zen zerutik etorri, gogoratzen ote gara nortzuk sortu ote zuten IRUTXULOKO HITZA. Eta zorionez, oraindik asko zeukaagu hiregatik jasotzeko.
Oraingoz kontseilukideei opari ematen dizueten ditxosozko grabatuarekin konformatu beharko zarete, baina betirako gure oroimenean grabatuta geratu dena zuen ekarpena da. Ziur nago, gure begiek gure herriko kaleetan zuen izenak ikusiko dituztela. Izan ere, herriak, harriez gain, zuen moduko ereduez egiten direlako. Hiretzat, zuentzat, gure miresmen guztia eta mila esker, Iban Arregi Epelde jauna, zorretan gara betirako.