Estitxu Zabala: 'Izena eta izana'
Estitxu Zabala; kazetaria eta arraunlaria.
Duela lau urte hasi nintzen arraunean, helburu zehatzik gabe. Hernanin seniorren batela osatzeko norbait behar zutela, eta han joan nintzen, aurretik esperientziarik izan gabe. Behin barruan egonda, gauza asko ikasi eta ikusi ditut, eta arraunaren historian ikertzeari ekin nion, nondik gatozen jakiteko asmoarekin.
Pasaiako Batelariak topatu nituen hastapenetan, arraunean aritzea lanbide batzuen parte hutsa zen garaietan. Lanbide haiek desagertu ahala, kostata hasi ziren kirol munduan sartzen emakumeak. Aulki mugikorrean eseri ziren lehenengo, eta pixkanaka tostako arraunari ere heldu zioten, euren ipurdiak txikituz. Esan daiteke 2008an hasi zirela nesken arteko traineru estropadak euskal kostaldean. Emakumeen I. Kontxako Bandera 2008 hartan antolatu zuten. Kasualitatez, edo ez, urte hartan eman zituen lehen paladak gizonezkoen Donostiako traineru bateratuak. Bidean gehiago edo gutxiago asmatuta, pauso zuzenak ematen ari dela uste dut; horren lekuko dira iaz lortutako hiru banderak.
Emakumezkoen bederatzi traineru arituko dira nor baino nor Gipuzkoako ligan, aurtengo udan. Traineru zuri bat egongo da tartean, baina gizonezkoen izen desberdinarekin, izan desberdinarekin. Kostata izan bazen ere, gizonen traineru sendo bat osatzeko batu ziren hiriko arraun klubak. Emakumeenarekin, ordea, ez dago adostasunik. Han eta hemen daude egun bertako harrobitik ateratako arraunlariak: San Juan, Hibaika… eta berriz ere joatekoak dira.
Zer nahi dugu? gizonezkoekin jada egina dagoen bideari jarraitzea hain zaila ote? Pentsa dezagun Donostiako arraunaren izenean, Donostiako arraunaren izanean.