Estitxu Zabala: ‘Murgiako bidea ikasi al dezu?’
Estitxu Zabala, Kazetaria
Egia esango dizut, aspaldiko partez nik iritzi zutabe bat idaztearen erruduna zu zara. Zergatik? ez duzulako zure zutabea bidali, eta noski, orria ezin hutsik utzi, eta Aritzek niri pasa dit enkargua. Baina lasai, ez dizut errietarik egingo, azken finean, zu zara nire igandeko plan ederraren erruduna ere. Zu ez zinen nirekin egon, baina ni zurekin bai. Bai, han izan nintzen, Altsasun, Lide eta Agurtzanerekin.
Saioa baino egun batzuk lehenago egin nizun elkarrizketa Añorgan, Lideren laguntzarekin. «Bost urte daramatzat Irutxuloko Hitzan lanean eta oraindik ez nizun elkarrizketa luzerik egin», onartu nizun, eta halaxe zen. Kostatu zitzaigun grabaketarako leku aproposa topatzea, baina lortu genuen azkenean. Galdera mordoa prestatu nituen, eta bata bestearen atzetik bota nizkizun. Eta zuk erantzun, erraztasun osoz, eta atsegin handiz. Harrituak utzi gintuzun zure hitz jarioarekin. «Gaur ez daukat hitz egiteko egun ona» esan zenigun gainera, elkarrizketa bukatzean. Irribarre batekin utzi genuen zure auzoa, eta erredakzioan hartu genuen erabakia: «Jo ze jatorra, gainera, seguru irabazi egingo duela… joango gara Altsasura?». Eta halaxe, sarrerak erosi eta plana egin genuen.
Nafarroa Garaiko bidea hartu genuen igande goizean, hiru lankideak zu animatzeko prest. Bueno lankide bat jada han zegoen, Lekunberrin edo, eta ez nintzen bere bila joan… beste baterako utziko dugu hori. Edonola, garaiz iritsi ginen, bazkaldu, eta Burundan tokia hartzen lehenengoetakoak izan ginen. Elkarrizketatu izan ditudan añorgatar gehiago ere han zirela ikusi nuen, zure lagunak denak, Urmeneta, Sierra, zure anaia bera… eta gu ere hantxe, zintzo-zintzo, ajerik gabe, eta gozatzeko gogoz. Saioak nondik nora jo zuen jada denok dakigu; batzuk han izan ginelako, beste batzuk irratiz edo Internet bidez jarraitu zutelako, edo telebistan eman dutelako. Makal xamar hasi zinela iruditu zitzaigun (ez gara adituak baina…), eta triste aurpegiarekin begiratu genion elkarri. Baina bai, goranzko bidea egin zenuen, eta zure kartzelako hiru bertsoak gogor txalotu genituen. Guztiz identifikatua sentitu nintzen, baina nire begietatik ez ziren malkoak atera. Irribarre egin nuen berriro ere. Eskerrik asko, eta zorionak Beñat.
Agian, azaroaren 17an Murgiarako bidea hartuko dugu, olatu baten gainean jarraituz, zuk zenion moduan. Hori bai, uste dut zure zutabeak hobeak direla eta saio horren osteko etxeko lanak zure kontu! Aizu, Beñat eta… Murgiako bidea ikasi al dezu?