Estropaden ondare balioari buruz gogoeta
Aurten ere Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek Arraun Astea antolatu dugu. Kontxako estropadetako bi igandeen artean kokaturiko aste honetan zehar zenbait jarduera abiarazi ditugu, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, dokumental emanaldiak eta Ciaboga aldizkariaren 3. alearen argitalpena. #Kontxa1919 lelopean, egitasmo hauen guztien helburua da Kontxako estropaden kultura ondare izaera ezagutaraztea eta aldarrikatzea.
Egia da joandako azken hamarkadetan zehar euskal estropaden kirol alderdiak geroz eta indar handiagoa hartu duela. Gaur egun, hedabideetan aldarrikatzen den alderdi bakarra, edo nagusiena, kirolari dagokiona da, eta oso gutxitan gizarteratzen dira estropaden kultura ondare izaerari edo historiari buruzko berriak. Baina hauexek dira Euskal Itsas Museoak eta Aquariumak ezagutarazi nahi ditugun edukiak. Izan ere, euskal estropadak ez baitira kirol jarduera huts, gure itsas ondare eta itsas historia aberatsen barneko funtsezko elementuak baizik. Gainera, Kontxako estropadak, kirol honenganako zaletasuna pizteko lehen mailako gertakariak izanik, uste dugu arraunaren ondare balioa gizarteratzeko ere oso egokiak gerta daitezkeela. Izan ere, ia mende eta erdiko ibilbidea duen jardunaldia da Kontxakoa, eta historia oso aberatsa eta erakargarria gordetzen du bere baitan.
Agian izango dira estropaden ondare izaeraz eta historiaz axolarik ez duten arraunzaleak. Dena den, horrela pentsatzen dutenek ere aitortuko dute, dudarik gabe, Kontxako estropadak oso bereziak direla. Estropada horien berezitasun nagusienetako bat epikotasuna da, dudarik gabe. Jakin dezatela, bada, estropaden ondare izaeraz axolarik ez dutenek, epikotasun hori Kontxako estropaden historia luze eta aberatsaren ondorio zuzena dela. Kontxan irabazteak, iraganeko estropadalari mitikoek eskuratutako bandera beraren jabe egitea suposatzen duela. Adibide modura, 1919ko estropada hartan elkarren aurka lehiatu ziren hiru patroi klasikoak: Kiriko donostiarra, Aita Manuel sanpedrotarra eta Manuel Olaizola oriotarra. Lehenengoa, Kontxako bost banderaren irabazlea (Donostiako patroien artean oraindik gainditu gabeko errekorra), eta 1919ko Abrako estropadetako ziaboga mitikoaren egilea. Bigarrena, bederatzi banderaren jabea (horietatik sei jarraian, oraindik gainditu ez den marka). Azkenengoa, Oriok 1901 eta 1919 urteen artean eskuratu zituen bandera guztien irabazlea. Epikotasunaz, ondareaz eta historiaz ari garela, ba al zenekien Manuel Olaizolak Orioko 1901eko balearen, hau da, azken euskal balearen harrapaketan ere parte hartu zuela?