Altsasukoak aske
Lau haizetara aldarrikatu nahi dugu justizia: Jon Ander, Julen, Adur, Aratz, Iñaki eta Oihan aske geratu arte!
Hori izan zen urte berriari eskatu geniona. Eta, urte berriak ekarri zigun apelazio-epaiketan Jon Anderri eta Juleni ukatutako sei lekuko onartzea. Urtarrilaren 23ko bistan, San Fernando de Henaresko Audientzia Nazionalean lekuko guztiek ukatu zuten Jon Ander Koxka tabernan egon zela istiluak gertatu zirenean. Lekukoen artean, Amaiaren testigantza oso garrantzitsua izan zen. Zergatik? Berak ikusi zuelako taberna barruan gertatutakoa, baina hori ez ezik, gertakariak jazo zirenean tenientearen andregaiaren (Maria Jose) laguna ere bazelako.
Amaiak esan zuen Maria Joserekin egon zela taberna barruan gau horretan, eta ez zuela agresiorik ikusi, txupito edalontziak hegan egiten baino ez. Eta, kalera atera zenean, tenientea lurrean ikusi zuela, eta bere ondoan zuen lagunari laguntza eskaini ziola, baina Maria Josek laguntza ukatu ziola; eta, ez ziola erantzun hurrengo egunean bidali zion mezuari.
Maria Josek, berriz, kontrakoa adierazi zuen epaiketan. Besteak beste, bortizki jipoituak izan zirela taberna barruan, eta inork ez ziela lagundu. Asuntoa da, Amaiak ez ezik, testigantza eman duten testigu guztiek ere ez zutela jipoi basatirik ikusi, eta bi agenteek eta haien bikotekideek kontatutako «errelatoa» ezin izan dutela egiazki frogatu.
Hala eta guztiz ere, gazte batzuek bi urte baino gehiago daramate kartzelan, eta beste batzuek bederatzi egingo dituzte laster. Bitartean, gu lur jota gaude, ez baitugu ulertzen nola eman diezaioketen oraindik balioa agenteen eta haien neska-lagunen «kontakizunari». Zein interes dago atzean? Dagoeneko ez ote da nahikoa ordaindu?
Apelazioaren zain gaude, triste gaude, asko sufritzen ari baikara, baina baditugu motiboak berri onak jasotzeko. Ez dakit orain jasoko ditugun, horixe nahi eta behar dugu. Bi hitzetan: justizia eta egia. Altsasukoak aske!