Eta orain primak
Aurrera doa Donostiako Udal langileen lan baldintzen suntsiketa.
Duela zazpi urte EAJ-PSE-EE koalizioak Donostiako Udal Gobernua hartu zuenetik, hiriari begira indarrean zeuden zenbait politika nola baztertu dituzten ikusi dugu, baita udal gobernuaren helburu politikoen mesedetarako beste batzuk nola indartu dituzten ikusi ere, hala nola, eraikuntzaren neurrigabeko sustapena, turistifikazio masiboa, erraustegia, topoaren lurperatzea, AHTa… Udal gobernuaren politika honekin masa turismoaren negozioa gailendu zaio hiritarren beharrei. Horrelakoa da udal gobernuak defendatzen duen hiri eredua. Herritarron Donostia da arriskuan dagoena, enpresa handien negozio pribatuena indartzen ari den bitartean.
Eta udalaren barne kudeaketari dagokionez ere, gauzak okertu dira. Urteetako lan gogorraren eta borroken ondorioz udal langileok lortutako lan baldintzak eta eskubideak suntsitzen ari da udal gobernua. Udal gobernuak bertako langile kolektiboari inposaturiko pertsonal politika aspaldiko txarrenetakoa da. Udal langileon lan baldintzak okertu dizkigute, herritarrei eskaintzen diegun zerbitzu publikoen kalitatearen kaltean beti. Nahikoa ez balitz, udaletxea gero eta udal itxiagoa bihurtzen ari da herritarrentzat. Komunikazioa eta parte hartzea gero eta zailagoa eta urrunagokoa da. Udal gobernuak bideratu duen gobernantza ereduak negoziorako hiri ereduari soilik erantzuten dio, inposizioa eta mozala indartzen dituen bitartean.
Joan den 2021eko maiatzaren 11n, adibidez, Donostiako Udalean zeuden ia 400 bitarteko langileen egoera nola konpondu eta kudeatu ez zekitela, udal gobernuak langile gehiago ez kontratatzeko erabakia hartu zuen, gainerako udal langileen eta udal zerbitzuen kaltean, noski. Erabaki horrek udalak eskaintzen dituen zerbitzuetan kalte handiagoak ekarri ez baditu, udal gobernu honen utzikeriaren aurrean udal langileok erakutsi dugun jarrera arduratsuaren ondorioz izan da. Halere, jokabide arduragabe horren ondorioz, udal langileen lan baldintzak okertu dira eta baita udal zerbitzu batzuk ere, herritarrekiko arretatik hasita.
Udal langileok izan gara berriro ere hiritarrekiko dugun begiruneagatik udal gobernu honek merezi ez duen zerbitzua emateko aukera bideratu dugunok, gure osasunaren kaltean askotan. Udal gobernu honek, beraz, lehendik ere brigadetan, aterpetxeetan eta beste zerbitzuetan langile gehiago ez kontratatzeko edota zenbait kasutan baita zerbitzua pribatizatzeko zeraman politika udalean orokortzeko baliatu nahi izan du bitarteko langileekin izandako arazoa.
Dena dela, kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko udal langileon konpromisoa irmoa da. Azken bi urteotan guztiok ondo astindu gaituen COVID 19aren pandemiaren aurrean berdin jokatu genuen administrazioko langileok. Klase politikoaren kudeaketa kaxkarraren aurrean, hiritarrekiko gure konpromisoa berretsi genuen. Pandemia garaian etxean lanean jardun behar izan dugunean ere, gure medio partikularrak (telefonoak, ordenagailuak, argindarra…) hiritarren zerbitzura jarri ditugu. Gehienetan funtsezko zerbitzu publikoak emateko gai izan gara, zerbitzari publikoak garela ahazten ez dugulako. Larrialdi garai horretan ere udal gobernuak ez zituen gizarte ongizate zerbitzuak indartu nahi izan, ez zuten inor kontratatu ezta ordezkapenik bermatu ere, udal langileen artean lan metaketa izugarria zegoela jakin arren.
Larrialdi garai honetan ere, udal gobernuak aldebakartasunez hartu zituen ziurgabetasun garai gogor hartako erabaki guztiak, udal langileen ordezkaritzarekin, Langileen Batzordearekin benetako elkarrizketa eta adostasunik bilatu gabe. Orduan ere inposizioa izan zen arau nagusia.
Kontratazio berririk ez egiteaz gain, udal gobernuak aldebakartasunez aldatu ditu negoziatuak eta adostuak izan behar duten lan egutegiak, Udaltzaingoan egin duen moduan. Bide beretik, hainbat zerbitzu eta udal instalazioen kudeaketan ere murrizketak eta pribatizazioak ematen ari direla ikusten dugu, kirol esparruan, adibidez. PNV-PSE-EE koalizioak udala teknikariz osaturiko administrazioa bihurtu nahi du, gainerako lan guztiak azpikontratatuz. Brigadetan egiten ari direna horren adibide argia da.
Euskaraz eman behar diren zerbitzuak ere ez dira guztiz bermatzen, Udaltzaingoarekin uda honetan berriro ere ikusi dugun moduan. Arkaute akademiatik bidalitako udako udaltzainen %90ak ez daki euskaraz, ez dute hiria ezagutzen. Horrek guztiak, besteak beste, hiritarren hizkuntza eskubideen bortxaketa dakar.
Soldaten igoera KPI-aren azpitik onartu dute, udal langileon erosahalmen gaitasuna kenduz. Udal langileoi izoztu zitzaigun soldatarekiko zorrak ere ez ordaintzea erabaki dute. Mugikortasunaren zerbitzua zabaltzea erabaki dute, baina langileen lan baldintzak eta kontratazio berriak egin gabe, Mugikortasun arloko udal langileen lan baldintzak okertuz.
Eta horretan guztian, aldebakartasuna, elkarrizketa eza eta akordio falta izan dira udal gobernuaren araua.
Honen guztiaren ondorioz ugaritu dira udal langileek eginiko protestak. Udaltzainek Morlansko biribilgunean eginiko kontzentrazioek, gizarte langileek beren lanpostuetan eginikoek, mugikortasuneko kale agenteen grebek, Kursaaleko kale mobilizazioek, Ijentea kaleko elkarretaratzeek eta udal batzar aretoan udal langile guztiok elkarturik azken urteko hileroko udalbatzar guztietan eginiko salaketa ikusgarriek, duela pare bat urte udal administrariek abian jarritako protesta ekitaldiei jarraipena eman diote.
Protesta horietan udal gobernuak Udaltzaingoa (protestetan ere parte hartzen ari dena) udaleko beste langileen kontra jotzeko erabili du, udal langileak izutu eta beraien arteko batasuna hautsi nahian. Gure eskubideen defentsan, Udaltzaingoaren zuzendaritzak agenteak bi pertsona identifikatzera behartu zituen, sindikatuok antolatutako protesta baketsuan, salaketa sindikala oztopatu eta langileak beldurtzeko asmoz.
Eta, orain… Erretiro aurreratuagatiko primak kendu dizkigute, administrazioa gaztetzeko zegoen bitarteko garrantzitsua arau gabetuz. Berriz ere ezkutuan eta inolako negoziazio planteamendurik gabe egin dute, betiko aldebakartasunez.
Hurrengo eskubideen eta lan baldintzen murrizketaren zain ez geratzeko konpromisoa hartu dugu udal langileok. ‘Nahikoa da’ esateko unea iritsi da. Bide horretan, udazkenetik aurrera gure eskubideak aldarrikatzeko lana eta borroka indartuko dugula jakinarazi nahi diegu hiritarrei. Izan ere, egoera aldatzen ez bada beraiei emango dizkiegun zerbitzuen kalitatea gehiago kaltetuko delako, gure lan baldintzetan ematen diren murrizketek zerbitzuen kalitatean, askatasunean, azkartasunean… Eragin kaltegarria izango baitute eta.
Beraz, eta bukatzeko, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsa guztiona dela irmoki adierazi nahi dugu, bai administrazioan bertan lan egiten dugun langileona, baina baita hiritarrena ere.
Osakidetzaren defentsan ikasi duguna, administrazio osora zabaltzea dagokigu. Udal langileek eta hiritarrek bat eginik lortuko dugu udal gobernu honen politika aldatzea, lan baldintzen eta zerbitzu publikoen onerako.
Guztiok bat eginik, aurrera!
Adi udazkeneko deialdiekin.