Eta orain zer?
Argia aldizkariak zabaldutako ikerketa mardulak argi utzi du oldarraldia Euskal Herri euskaldunaren kontrako estrategia politiko zabalago baten parte besterik ez dela, eragin zuzena EAEn soilik badu ere. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere beren oldarraldi partikularrei aurre egin behar diete, egunero ikusten dugun moduan. Hori guztia kontuan izanik, gure aurkako eraso judizial, politiko zein mediatikoaren aurrean, nolako jarrera eta jokabidea izan behar dugu euskaldunok? Hona hemen ikuspegi nazionaletik jorra daitezkeen zazpi bide.
Lehena, borroka ideologikoan sakontzea. Gure diskurtso eta baita dinamikan ere, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiak (pluralean) Euskal Herriaren aurkako estrategia global zabalago baten atal gisa azaltzea, aztertzea, gizarteratzea eta etengabe erantzutea. Euskal Herriaren aldeko eragile sozial, sindikal eta politiko guztioi, bakoitzak bere ezaugarriei eta esparru funtzional zein geografikoei uko egin gabe, norabide bateratu horretan batera jotzea dagokigu. Euskararen aldeko politika nazional bakarra garatu behar dugu, mailakatua eta koordinatua zazpi herrialdeetan, baina bakarra. Oraindik ez dugu horrelakorik.
Bigarrena, masa mobilizazioan indarra jartzea. Arlo instituzionalean eta defentsa juridikoan egin beharreko lanak baztertu gabe, euskararen normalizazioaren aldeko borrokaren motor nagusia arlo instituzional eta juridiko mugatu eta mugatzailetik atera eta kale mobilizazioan jartzea dagokigu, Ipar Euskal Herrian daramaten borroka eredutzat hartuz. Korrikak horretarako aukera oparoa eskaintzen digu. Konfrontazioan oinarritutako euskararen aldeko presio soziala berpizteari lehentasun osoa ematea da helburua. Lan horretan funtsezko ekarpena eta betekizuna izan dezake, besteak beste, denon artean indartu behar dugun EHE ekintza talde aldarrikatzaile nazionalak.
Hirugarrena, euskaldunon ahalduntzerako bilguneak osatzea. Kontseiluak Bilboko Miribillako Pizkundea-n zabaldutako norabidea jarraituz, egitura sozial, sindikal, ekonomiko, politiko eta administratibo bakoitzean eta guztietan, euskaltzaleon sare eta ekintza taldeak osatu behar ditugu. Euskaldunok antolatu eta ahaldundu behar dugu lan egiten dugun eta bizi garen toki guztietan. Betekizun horretan funtsezko ekarpena izan dezakete dagoeneko osaturik dauden esparru zehatzetako euskara taldeek edo sareek, hala nola Kontseiluak, Gazte Euskaltzaleen Sareak edota herriz herri Korrika zein Euskaraldia bultzatzeko antolatzen diren auzo zein herri taldeek.
Laugarrena, desobedientzia bidea jorratzea. Administrazio esparruan euskalduntze prozesuaren kaltetan eragin zuzena edo zeharkakoa duten lege aginduak ez betetzea. Hizkuntza eskakizunen edota Udal Euskaldunen Mankomunitateen aurkako erasoen aurrean, legezkoak badira ere, ez betetzea eta aurrera egitea. Arnasgune funtzional zein territorialen aurkako erasoen aurrean, bere garaian intsumisioarekin egin zen moduan, desobeditzea da bidea. Hizkuntza mailako Pase Forala aplikatzea dagokigu Euskal Herri osoan eta epaiketarako bidea mobilizazio sozialerako tresna bihurtzea. Indar politikoen funtsezko betebeharra izango da legebiltzar guztietan, Europan, estatuetan eta baita gure lurraldekoetan ere, euskararen ofizialtasuna jasoko luketen lege berriak proposatzea eta beraiek zuzentzen duten arlo instituzionaletan aplikatzea.
«Ez dago eraldaketa pertsonaletik abiatzen ez den prozesu iraultzailerik. Hizkuntza politika burujabe baten alde, harrokeriaz beteriko erasoari harrotasunez erantzun behar diogu»
Bosgarrena, lan munduaren euskalduntzea bultzatzea. Horretarako, euskararen normalizazioa lan hitzarmen guztien atal bihurtu behar dugu, arlo publikoan zein pribatuan, eta negoziazio kolektiborako gai nagusietako bat izatea lortu. Euskararen aldeko borroka, langile mugimenduaren borrokaren agendan sartu behar dugu, feminismoa ala ekologia sartu diren neurri berean. Ezin dugu onartu euskararen atalik ez duen lan hitzarmenik Euskal Herrian. Horrekin batera, administrazioarekin azpi kontrata moduan aritzen diren gero eta enpresa gehiagorekin izenpetzen diren kontratu guztien atzean dauden baldintza pleguetan, euskararen atala ere txertatzea ezinbestekoa da; hizkuntza klausulak sortzea eta txertatzea, alegia. Betekizun horretan funtsezko ekarpena egin dezake euskal sindikalgintzak, lan hori bideratuz eta euskararen kontrako jarrera duten sindikatu espainol zein frantsesekin harremanak hautsiz.
Seigarrena, euskararen ezagutzaren doakotasuna eta unibertsalizazioa bultzatzea. Hezkuntza sistema osoak, haur, gazte eta helduen doako euskalduntze alfabetatzea bermatu behar du Euskal Herri osoan, AEK-k aldarrikatzen duen moduan. Belaunaldi zahar eta berrien euskalduntzea da euskararen erabilera hazteko oinarria. Euskara ez dakienak, euskara ez erabiltzeaz gain, euskaldunek ere euskaraz egiteko dugun eskubidea zapuzten baitigu. Murgiltze eredua hezkuntza sare osoan eta maila guztietan orokortu behar dugu; horretarako, hezkuntza komunitate osoan lan iraunkorra bideratuz, ikasle, irakasle, guraso eta hezkuntzako langileen artean. Lan horretan funtsezkoa izango da, besteak beste, ikasle mugimenduen indarra eta bizitasuna.
Zazpigarrena, kultura, kontsumo eta komunikazio esparruak euskalduntzea. Teknologia berriek ematen dituzten aukerak eta arriskuak kontuan izanik, aurrera egitea. Euskal esparrua komunikatibo eta kultural osoa eraldaketa prozesu betean murgildu behar dugu, hedabideak, sare sozialak, teknologia berriak eta kulturgintza, bere forma ezberdinetan, euskararen aldeko prozesua sustatzeko. Ez dago berezko kulturarik ez duen berezko hizkuntzarik. Eta, horrekin batera, euskarazko kultur eta komunikazio produktuen sortzaileak eta kontsumitzaileak indartzeko plan nazionala martxan jarri behar dugu.
Eta hori guztia bideragarria izango da, baldin eta euskaldunok borroka hori indartzeko konpromiso pertsonala hartzen badugu. Ez dago eraldaketa pertsonaletik abiatzen ez den prozesu iraultzailerik. Hizkuntza politika burujabe baten alde, harrokeriaz beteriko erasoari harrotasunez erantzun behar diogu. Euskalduna naiz eta harro nago!


