Eta zuri gertatuko balitzaizu?
Norberari gertatzen ez zaion bitartean ez gara kezkatzen besteen kexetaz.
Gure auzoan ere gertatu da. Turista saldoa iritsi da Antiguara. Parte Zaharrak eta Erdialdeak gainezka egin dute. Turistentzako hotel, hostal, apartamentu oldeak bi gune hauen izaera aldatu du. Nork ez du entzun ingurukoren bat marmarrean: “Ez noa Parte Zaharrera edo Erdialdera turista besterik ez dago eta!».
Eta turista saldoarekin akabo kalean eta auzoan bizi genuen lasaitasuna!
Baina ez da berdin zarata, buila edota narrazkeriak, aparkatzeko arazoak eta bestelakoak zuzenean zure etxe aurrean eta etxe barruraino, zarataren kasuan, iristen zaizkizunean. Edo iristen ez bazaizu. Arazoak zuzenean ikutu gaituenean mugitu gara, ikertu dugu udalean, elkartu gara kaltetuak, eta irtenbide bila hasi gara. Ia bi urteko lan mardularen emaitzak hein batean lasaitu gaitu, ostatuaren lege hausteak agerian utzi ondoren. Lege-hausteen gainean egongo gara eta gure bizitokiko bizi-kalitea okertu baino hobetu dadin lanean jarraituko dugu, horretarako sortu dugun Heriz Plataformaren gerizpean.
Gure kalean eraikitako Koisi Hostelak 200 ohe inguru ditu. Laster 350 ohe inguru gehiago izango ditugu Heriz 16 eta Matia 18 helbideetan eraikiko diren aterpe-hotelen artean. Kezkatuta gaude.
Eta honi gehitu dakizkioke beste hainbat errealitate, zuzenean edo zeharka eragingo digutenak: metroak autobus zerbitzua gutxituko digu, erraustegiak kiratsa eta pozoina ekarriko dizkigu… Berdeguneak eta ondarea txikitzea egunerokoa bihurtu da Donostian. Kezkatuta nago, kezkatuta gaude. Eta zu?
Donostia Defendatuz Plataforma sortu da errealitate horiek guztiak donostiarron bizi-kalitatea okertzera datozela salatzeko. Maiatzaren 4ean manifestaziora joango naiz ozen aldarrikatzera: «Donostia ez dago salgai». Gure nortasuna, bizi-kalitatea, gure izaera defendatu nahi ditut. Eta zuk?