Etxebizitza eta merkatua
Azkenaldian, bete-betean sartu da etxebizitzaren arazoa agenda politikoan.
Agenda politikoan diot, izan ere, agenda sozialean aspalditik dabilen gaia da; gure artean, alegia. Bakoitza gure egoerak bizi gaitu baina urte batzuk lanean daramagunok; izan genuen, modu batera edo bestera, etxetik alde egiteko aukera. Batzuk, baita bakarrik ere.
Eta orain… Ba, orain, nahiko lan! Bikotean ere nahikoa komeria daukate, hogeita hamar urteren inguruan, elkarrekin bizitzen jarri ahal izateko. Eta hortik aurrerakoak… ba, zer nahi duzue esatea.
Begira, nik ez dakit soluzioa zein den baina garbi daukadana da, etxebizitza duin bat izatea oinarrizko eskubide bat baldin bada, arazo honi ezin diogula merkatuaren logikatik erantzun.
Ez, nik ez dakit soluzioa zein den, baina gizarte batek ezin du onartu, gutxi batzuk oraindik diru gehiago pila dezaten, gehiengoaren zati batek eskubide bati uko egin behar izatea.
«Gizarte batek ezin du onartu, gutxi batzuek oraindik diru gehiago pila dezaten, gehiengoaren zati batek eskubide bati uko egin behar izatea»
Aurreko batean, entzun nion politikari bati politika neoliberalek ez dituztela helburuak bete eta gainditu egin behar direla. Ulertu nuen esan nahi zuena, baina ez nator bat, merkatua bere helburuak oso ondo ari da betetzen, garbi dago, gutxi batzuen onerako, gizarte gero eta injustuago bat sortu duela.
Horregatik gainditu behar ditugu oraingo eskemak, denontzako lekua izango duen mundu bat sortu nahi badugu, ezin dugulako joko arau hauekin jokatu; joko zelai honen (irakurri politika neoliberalen) helburua beste bat delako, hain zuzen ere, zelaiaren jabeak erabakitzea nork jokatu dezakeen ala ez.