Etxebizitza Sindikatuaren beharraz
Pasa den hilabetean Donostian ugaltzen hasi diren etxebizitza eredu berriak izan nituen mintzagai. Etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa den testuinguruaz eta kalitate kaskarreko etxebizitzak eskaintzen dituzten jabe txiki zein handien irabazi asmoaz hitz egin nuen.
Hala ere, etxebizitzaren kasuan, beste auzi sozial eta politiko guztietan bezala, alferrik da salaketa hutsean gelditu eta ezer gehiago ez esatea. Hortaz, gaurkoan duela egun batzuk sortu berri den Donostiako Etxebizitza Sindikatua ekarri nahiko nuke lerro hauetara.
Etxebizitzarekin arazoak izatea ohikoegi bihurtu da gure hirian. Alokairurako zein etxebizitzen erosketak gauzatzeko prezio altuegiek, hiriko periferiatik haratago, eskualdeko beste herrietara kanporatzen du jendea etxe bila. Egun etxebizitzaren auziak, norberaren soldataren zati handi bat alokairura edo hipotekara bideratzea dakar, eta jakin badakigu, egun gehiengoarentzat ezinezko kontu bat bihurtu dela. Gainera, etxebizitzari lotutako gastuek izan duten prezio igoera kontuan hartuta, ura, gasa eta argiaren prezioa kasu, are garestiago bilakatzen da etxebizitza bat lortzea.
Egoera honetan, instituzioetatik ateratzen ari diren lege, proposamen edo egitasmo ezberdinek, ez dute auziaren inguruko proposamen seriorik planteatzen. Gazteoi bideratutako alokairurako laguntza, kasurako, gazteon etxebizitzarako sarbidea erraztu baino, maizterrak saritzeko eta lasaitzeko taktika besterik ez baita. Krisia gogor jotzen ari da, eta agintariek miseria kudeatzea besterik ez digute eskaintzen.
Gazte zein heldu, mundu guztiak ikusten ditu begi aurrean honako arazoak: etxe kaleratzeak, gehiegikeriak, neurrigabeko prezioak, kalitate kaskarreko etxeak edo ugazaben mehatxuak. Neurrigabeko kasu guzti hauen aurrean, erantzun irmoa emateko antolakuntza eredu efektibo eta indartsu bat behar da. Langileriaren defentsa oinarrian duen antolaketa eredua, eta etxebizitzaren alorrean kasu isolatuak lantzeaz gain, kasu horien atzean dagoen auzi politikoa mahaigainean jarri eta landuko duena.
Beste modu batera esanda, klase kontzientzia indartuko duen, jendearentzat hobekuntzak lortuko dituen, eta estrategia sozialista jarraituko duen etxebizitza sindikatua. Donostian gertatu da honen sorrera, eta poztasun bezain inplikazioz jarduteko garaia ere bada.