Etxebizitzarekin zer?
Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakin dokumentuan jasotako datuen arabera, Donostian 95.098 etxe daude. Horietatik, 15.847 ez dira ohiko egoitza. Pisu turistikoak, berriz, 1.424 dira (legezkoak). Hau da, Donostiako etxebizitza guztien %18 ez dira ohiko egoitza. Bostetik bat. Urumeatik Antiguara, Kontxaren bueltan, etxebizitzen %30. Hirutik bat.
Bizitegi merkatuko tentsio eremu izateko eskaera egin du udalak. Egongo ez da ba etxebizitza tentsioan, bostetik bat udako etxe, hoteltxo edo hutsik dagoenean!
Idealistan 278 alokairu iragartzen dira gaur Donostian, Airbnbn, berriz, 1.000tik gora pisu turistiko. Salmentan, 1.123 etxebizitza daude Idealistan. Ohiko egoitza ez direnen %7a. Tentsio handiko eremu izendatzea eskatu, eta 1.424 pisu hotel bihurtzea baimendu. Zer zentzu du horrek? Zer politika publiko klase da hori?
«Tentsio handiko eremu izendatzea eskatu, eta 1.424 pisu hotel bihurtzea baimendu. Zer zentzu du horrek?»
Ez da ulertzekoa udalak pisu turistikoak guztiz ez debekatzea HAPOa berritu behar duen honetan.
12.175 etxe eraikitzea aurreikusten da HAPO berrian. %52a babes ofizialekoak izango omen dira. 2010ko HAPOan aurreikusitako babes ofizialeko etxeen %31,68a soilik eraiki da, eta libreen %64,24. Exekuzio maila antzekoa bada, 5.733 etxe berri izango dira. Gaur egun egoitza ez diren etxeen %36,18 besterik ez. Eta zerk eragotziko du etxe hauek ohiko egoitza izateari uztea?
HAPOan hau eta beste eraikiko dela esateak ez du arazoa konponduko. Eraikita dauden etxeak egoitza izan daitezen neurriak hartu beharra dago etxebizitzaren arazoa konponduko bada. Besterik ez dago.