Europa Saria donostiarrontzat
Datorren irailaren 19an, Donostiak 2019ko Europa Saria jasoko du. Europako Kontseiluak urtero banatzen duen saria da, Europaren eraikuntzaren balioak sustatzen dituzten hiriei eskainia. Eta Donostia, nonbait, erreferente zaigu Europako balioen alde egindako lanarengatik.
Garaikurren eta dominen argiak, ordea, ez dira merezimenduaren itzal ilunak argitzeko bezain distiratsuak. Izan ere, izenburu eta titulu arranditsuez harago, zer da gaur egun Europaren aldeko apustua egitea? Zein dira Europaren balioak? Askatasuna, eskubide – eta aukera- berdintasuna, duintasuna, ongizatea edo, besteak beste, justizia eta solidaritatea dira, Europak, kontzeptu politiko bezala, atxiki nahi izan dituen ezaugarriak.
Bada, Donostiako gizarte-ehundurari ez zaizkio arrotz aipatu balioak. Elkartasunarekin eta eraldaketa sozialekin loturiko esperientzia aberatsak ditugu, elkarlanaren eta zaintzaren kulturan sustraitzen direnak, auzo eta komunitateetatik behetik gorako bultzadaz eraiki direnak. Azken hilabeteetako adibide dira, esaterako, pobrezia egoeran dauden familiei laguntzeko elikagai bilketak; Mediterraneoaz bestaldeko errefuxiatuei laguntzeko askotariko ekinbideak; eraso sexistei aurre egin eta hauen prebentziorako auzoz-auzo antolatutako talde feministak; goizeko 7:00etan hiriko autobus geltokira heltzen diren pertsona migratuen sorospen eta akonpainamendurako harrera sareak; etxe kaleratzeak ekiditeko dinamikak; edo uda sasoian Sahara eta Ukraniatik datozen haur eta nerabeak jasotzeko programak.
Haatik, agerikoa da sarion helburua ez dela ustezko balio horien sustapenaren gaineko ebazpen zintzoa ematea; ez baitira inondik ere parekagarri, herritar antolatuen engaiamendutik eraikitako elkartasuna eta Udal Gobernuak hirian ezartzen duen politika. 2016 eta 2018 artean, kalean bizi diren pertsonen kopurua bikoiztu egin da, goranzko joerarekin gainera. Kolektibo hauekin lan egiten duten eragileek iragan abuztuan salatu berri dutenez, Donostian baliabide nahikorik ez dago, eta Gipuzkoako erakunde guztiei egoera hau konpontzeko beharrezkoak diren neurriak martxan jar ditzaten eskatu diete. Zentzu honetan, ezin ahaztu dugu 2016. urteaz geroztik Donostiak ez duela gizarte-zerbitzuetako legea betetzen, eta gaur martxan beharko luketen zerbitzuak eta baliabideak geldirik daudela, zer eta agintarien borondate faltagatik.
Borondate berberak bilakatzen du etxebizitzaren auzia drama alimaleko bat. Eusko Legebiltzarrak, lehenik, eta Nafarroako Gobernuak gero, etxebizitzarena eskubide subjektiboen mailan jarri dute. Alta, nabarmena da Donostian eskubide hau gauzatzeko ditugun ezintasunak; izan ere, aspaldi da etxebizitzarako sarbideak eskubide izateari utzi ziola, eta gaur egun, etxebizitza, burtsan kotizatzen den ondare espekulatiboa bilakatu da. Donostia marka guztiak hausten ari da etxebizitzaren salmenta prezioei dagokienez, eta honetan saririk balego, zalantzarik apenas genuke hiriak urrezko domina eskuratuko lukeela. 2018an alokairuak % 20,8 garestitu ziren, eta 2019ko abuztuan Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitzaren Behatokiak emandako datuen arabera, Donostian salgai dauden etxebizitzak urte beteko epean prezioak % 25 garestitu dira. Donostia bizilagunak kanporatzen dituen hiria da.
Halaber, prekarietate zantzu handienak nozitzen dituzten kolektiboen erosahalmenean zailtasun berriak egituratu dira. Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, esaterako, 2016an jabetzan etxebizitza bat eskuratu asmo zuen 18-34 urte bitarteko EAEko gazte bat bere soldataren % 54,9a horretara bideratu beharrean zegoen. Agintariek hizketa-gai duten delako oasi hori ispilatze hutsa baizik ez da: 2008an EAEko 83.023 familiak jaso zuten oinarrizko beharrak bermatzeko diru-laguntza, eta hamar urteren bueltan, 2018an, 136.567 izan dira. Prekarietateak emakumezko aurpegia du, eta kaltetuen diren kolektiboak, emakumea erreferente duten familia gurasobakarrak eta emakumezko pentsionistak.
Hain zuzen ere, prekarietate egoera hauek bistaratu dituzten hilabete luzeetako borroken testigu izan dira Ijentea kaleko ataria nahiz Alderdi Ederreko lorategiak: auzitegi eta komisaldegietako garbitzaileak, Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariak, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko auxiliarrak edo, besteak beste, ia hogei hilabete geratu gabe protestan ari diren pentsiodunak. Hauek eta hamaika kolektibo gehiagok interpelazio zuzen eta ozena egin diote udal gobernuari: gainontzeko instituzio publikoekin batera jarrera tinkoa agertu dezala lan baldintza duinak bermatzeko eta egoera okerrenean dauden kolektiboei laguntza neurriak behar bezala aplikatzeko.
Adibidetzat hartu ditugun ahalegin herritar hauek, finean, bizitzak erdigunean jarriko dituen Donostia bat aldarrikatzen dute, bizitza duinak ahalbidetuko dituen hiri bat, alegia. Eta bistakoa da, begiak urratzeraino izan ere, arestian aipatutako balioak eta hauen gauzapena ulertzeko eta neurtzeko parametroak ezin kontrajarriago agertzen direla. Izan ere, nola eraiki daiteke hiri justu eta solidario bat berdintasuna lortzeko neurriak eskura izanik hauen ezartzeko borondaterik ez duen politika ereduarekin? Zer etorkizun espero daiteke bere gazteak kanpoan bizitzera bultzatzen dituen etxebizitza politika batetik? Bateragarriak al dira justizia soziala eta kontratuetan gutxieneko soldatak sartzeari behin eta berriro uko egiten dion Udal Gobernu bat? Zein balio agertzen ditu premia larrienean diren pertsona migratuak eta errefuxiatuak kale gorrian uzten dituen alkateak? Zein balio, gatazka egoeran dauden herrialdeetara bideratutako partida ekonomikoak urtetik urtera jaisten dituenak?
Europa Sariek Europaren kontzeptu murritz bat hedatzen dute, herritar askoren begietara zinikoa, eta gure ustez, honela, ezinbestekoa da kritikotasuna. Izan ere, jarrera otzanek, eta zer esan zurikeriak, mesede eskasa egiten diote bizikidetza demokratikoari. Beraz, jaso beza saria Donostiak. Donostiarrek. Hiria komunitate ireki bat egiten dutenek. Elkartasun ekinbide bat mundura proiektatzen dutenek. Gure buruari begiratzeko eta munduaren aurrean agertzeko modu berriak saiatzeagatik.
Markel Ormazabal eta Olaia Duarte, Donostiako EH Bilduren zinegotziak