'Europako Hizkuntzen Mapa, berriro kalean'
Parte hartze prozesu baten ostean, Bagerak Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin batera elkarlanean egin zuen EusKarriak proiektua. Egitasmo hartan kaleratu zen lehen instalazioa egurrezko Europako Hizkuntzen Mapa izan zen. 2016ko martxoaren 10ean jarri zen Nestor Basterretxea plazan, hain zuzen.
Donostian hitz egiten diren 101 hizkuntzetatik europarrak diren hizkuntzei erreferentzia egiten zien mapa horrek. Mapa horretan irudikatzen zena, CIEMENek landutako eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak (EHU) eguneratu eta Euskal Herrira ekarritakoa zen. Hizkuntza horiei Donostian tokia emateko modu bat zen mapa hori, aitortzeko modu bat.
Mapak harrera oso ona izan zuen hirian, eta jende askorengan eragina izan zuen, bai bertako hiritarrengan zein kanpotarrengan ere. Hizkuntza aniztasunak duen garrantzia azpimarratzeko euskarri esanguratsu bilakatu zen.
Urtebeteko iraupena zuen proiektuak hasieratik, eta hala, urtebeterako baimena jaso zuen instalazioak. Baina denbora pasa ahala, ikono bihurtu zen hirian Europako Hizkuntzen Mapa eta, horregatik, Bagera elkarteak mapa bere tokian mantentzeko eskaera luzatu zion Donostiako Udalari. Udalak, ordea, ez zuen behar zen momentuan maparen legatua jasotzeko eskaerarik jaso eta, ondorioz, beste eskultura bat jartzeko eskaerari adjudikatu zion horma hori.
Mapa kenduko zuten berria zabaldu zenean, mapa zegoen tokian uzteko eskaerarekin bat egin zuten herritar askok eta Bagera elkarteak hainbat esparrutan lanean ari diren eragileen babesa eta elkartasuna jaso zuen. Sare sozialetan ere mapa zegoen tokian mantentzearen txio eta mezu ugari zabaldu ziren.
Horregatik, Bagera Elkarteak, ikono bihurtu zen eta hizkuntzen elkarbizitza eta aniztasuna ardatz zituen mapa leku berean mantentzea ezinezkoa zen arren, maparen erreplika bat egiteko proiektua diseinatzeko konpromisoa hartu zuen. Udalak proiektua onartu eta hiriko toki esanguratsu batean jartzeko interesa adierazi zuen.
Apiriletik bide hori jorratzen aritu gara udalarekin elkarlanean, eta egun, Iñaki Rifaterrak eta Manex Izagirrek diseinatutako brontzezko Europako Hizkuntzen Mapa-ren proiektua Tabakalerako albo batean jartzea erabaki da.
Bagera elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu proiektuarekiko atxikimendua eta babesa eman duten herritar guztiei.