Euskal Itsas Armada Laguntzaileko Bouak
Igande honetan Donostiako kaian Gipuzkoa Boua oroitzeko oroigarri bat jarri dute. Ekitaldia “Matxitxako” Kultur Elkarteak eta Euskadiko Itsas Armada Laguntzailea osatu zutenen lagunek eta senideek antolatu dute. Ekitaldi honek Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak eskainitako laguntza izan du, eta talde politiko guztiei eta zenbait elkarteri gonbidapenak helarazi zitzaizkien.
Atxirika, Ajeitas, Alvarez, Anido, Beraza, Blanco, Canillas, Carballo, Conde, Dieste, Fariñas, Fernandez Caamaño, Fernandez Garcia, Fernandez Muñiz, Frutos, Garay, Garcia, Gonzalez, Graña, Gurrutxaga, Ibarzabal, Insausti, Lado Lafuente, Lago, Larreategi, Lazaro, Lopez, Loveira, Maneiro, Martinez, Martinez Suarez, Molinillo, Nuñez… eta beste hainbat Bou horietako eskifaiako kideak izan ziren. Eta haietako batzuk borrokan hil ziren.
Egoera betikoa da, “hemengoak eta hangoak”. Jatorria Galizan, Asturiesen eta Euskal Herrian zuten, eta askatasunaren aldeko borrokan bat eginik zeuden. Irudi hau erakustea ez da inoiz komenigarria izaten, batez ere batzuek borroka eredu onak kaikua eta danbolinaren beharra duela erabaki dutelako. Eta borrokalari horien militantzia aipatzea ere ez da komeni, kontakizunetan militantzia horren aipamena erabat desagertzen baita, sorginkeria baten ondorioz edo (iraintzeko edo gezurrezko kontakizuna zabaltzeko bada, orduan aipatu egiten da). Guk, aldiz, anarkistak zirela argi eta garbi adierazi nahi dugu, ozenki, Euskal Itsas Armadako borrokalari horiek CNT sindikatuan bazkideturik zeudelako.
Eta tradizio zahar bat bailitzan, gure sindikatuari ez zaio ekitaldi honekiko inolako gonbidapenik iritsi. Ez zaigu ezertxo ere iritsi, baina ezin da esan harriturik gaudenik, eta gure esker ona adierazi nahi dugu. Ekitaldi honetan egoteko ez dugu gonbidapenik jaso, baina hori ez da gure kezkaren iturria, gure kezka historiaren kontakizuna eraikitzeko moduari lotua dagoelako. Siglarik ez agertzea ez da kutsu politikoa estaltzeko bidea, batzuek uste duten moduan, kutsu politikoa indartzeko bidea baizik. Benetako asmoak estaltzeko senideez baliatzen dira, komeni zaien kontakizun egokia eraikitzeko iloba edo biloba agertzea komenigarriagoa baita, omendutako borrokalariaren erakundearen izena agertzea baino, agian erakunde horrek instituzioetako boteredunei komeni ez zaien zerbait esan dezakeelako edo.
Eta egoera ere irrigarria izan daiteke. PPri Gipuzkoa Bouaren oroigarria jartzeko ekitaldian egoteko gonbidapena bidali zitzaion, baina eskifaiako kideen artean bazkidetuak zituen erakundeari ez zaio gonbidapenik bidaltzen. Agian, adiskidetzearen izenean edo, norbaitek “Canarias” eta “Baleares” gerlauntziak ere aipatu behar direla esango du.
Gu aintzat hartzen ez gaituen oroimenaren kontakizuna eraiki nahi badute ere, hortxe aurkituko gaituzte, gure aurrekoek egindako borrokari tinko eutsirik, lehengo eta egungo borroketan, CNT sindikatuaren koloreak beti agertuko baitira, gorria eta beltza.