Euskaldunok, pantailetan arrotz
Amaitu berri da aurrekontuari, programazioari, ikusle kopuruari zein oihartzun mediatikoari erreparatzen badiogu, Euskal Herriko ikus-entzunezko ekitaldirik garrantzitsuena dena: Donostiako Zinemaldia. Eta, aurten, berriz ere, euskaldunok bigarren mailako herritarrak izan gara.
Programazioaren %10 soilik ikusi ahal izan da euskaraz, elebitan, ala euskaraz azpidatzita. Jaialdiaren araudiak argi dio, 6. artikuluan: emanaldi guztiak eskaini behar dira gaztelaniaz ala gaztelaniaz azpidatzita. Euskarari buruz, aipamenik ez…
Zinemaldiaren testuingurua aitzakia ezin ederragoa iruditu zait euskarak ikus-entzunezkoetan, oro har, bizi duen egoera larriaren errepasoa egin, eta errealitateari aurrez aurre begiratzeko.
Zinemalditik zinema aretoetara salto egingo bagenu, euskaldunok hauetan jasaten dugun diskriminazioa eta eskubide urraketa are gordinagoa dela ikusiko genuke: Euskal Herri osoko zinema aretoetan urtean eskaintzen diren filmen %1 soilik da euskaraz (EAEn, %2,3). Aretoetara heltzea lortzen duten euskarazko hiruzpalau film, eta haurrentzat bikoizturiko beste hamar bat. Nazioarteko film arrakastatsuen artean, euskaraz bikoiztutakoen edo azpidatzitakoen arrastorik ere ez. Basamortua.
Gainera, zinema eta telesailak ikusteko bitarteko nagusia bilakatu diren streaming plataformetan, euskarazko eskaintza ez da %0,1era iristen. Egia da azken alor honetan herri ekimenak alderdiak eta erakundeak mugiarazi dituela, eta aurrerapauso batzuk lortu direla, merkatuan nagusi diren bi plataformetan; duela urtebete Netflixen, hiru film ikus zitezkeen euskaraz edo euskarazko azpidatziekin; gaur, 40. Prime Videon, batetik 44ra pasatu dira. Bada zer edo zer.
Hala eta guztiz ere, euskararen presentzia gure aisialdiaren jaun eta jabe diren pantailetan eta euskarrietan hain baxua izatea oso kezkagarria da, eta hizkuntzaren erabileran berebiziko eragina izaten ari dela esango nuke (beste faktore batzuk badaudela ukatu gabe). 2006tik 2021era, kale erabilera puntu bat baino gehiago jaitsi da Euskal Herrian. Gainera, azken bost urteotan beherakada hori nabarmena izan da herririk euskaldunenetan, bereziki haurren eta gazteen artean. Alarma guztiak pizteko moduko datua.
Horregatik, erakundeek egoera iraultzeko egitura eta lege berriak onartzea premiazkoa da, ez soilik hizkuntza eskubideen bermatzaile izatea dagokielako, baizik eta hizkuntzaren normalizaziorako ere estrategikoa delako: Euskal Ikus-entzunezkoen Kontseilua eta Ikus-entzunezkoen eta Zinemaren Legeak behar ditugu.