'Euskalduntzearen doakotasunaz'
Euskalduntzearen doakotasuna nola ulertzen dudan azaldu nahi dut lerroon bitartez. EAEn hezkuntza sistemak bermatu behar du derrigorrezko hezkuntzaren amaieran ikasleek bi hizkuntza ofizialak ezagutzea. 16 urtetik gorako herritarren kasuan, euskara ikasi nahi duenak horretarako eskubidea jasota dauka Autonomia Estatutuan, eta Eusko Jaurlaritzari dagokio eskubide hori bermatzea. Horren ondorioz, helduen euskalduntzeak zerbitzu publiko unibertsal bakarra izan behar du, HABEk kudeatuta.
Zerbitzu publikoa den heinean, helduen euskalduntzearen zerbitzuaren kostearen zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak (HABEren bitartez) hartu behar du bere gain, ikasleek, gehienez, koste horren %5-10 bitartekoa ordainduko luketela. Horren trukean, ikasleek gutxieneko asistentzia eta aprobetxamendua bermatu beharko dute; horretarako, ikasprozesuaren aurrerabidea euskaltegiek ebaluatuko dute, eta ikasleek maila-kreditu muga bat izango dute.
Unibertsala izango da; alegia, edozein dela ere ikaslearen bizilekua edota aukeratutako euskaltegia, matrikula bera ordainduko du. Horretarako, ikas-modulu bakoitzaren matrikula-tasa ofiziala izango da, eta ikasturte bakoitzean HABEk jakinaraziko du. Herritarren berdintasun-printzipioaren izenean, euskaltegietan, publikoetan zein herri ekimenekoetan, ezingo da matrikulan alderik izan.
Bakarra izango da, HABEk kudeatuta. Euskalduntzearen finantziazioa ez dagokie udalei, aldundiei edota Lanbideri. Asko jota, udalek edo aldundiek lagun dezakete ikasleek ordaindu beharreko tasa arintzen, egoki ikusten dituzten baldintzak ezarrita. Baina udalen eta aldundien ahalegina ezagutza eta erabilera sustatzera bideratu beharko litzateke, hainbat egitasmo eta kanpaina bultzatuz: gazteen aisialdian, familia transmisioan, kirol munduan, merkataritzan… Lanbidek ez ditu herritarrak euskaldundu behar, baizik eta bere formakuntza euskaraz ere eskaini. Ez genituzke herritarrak eta administrazioak diru laguntzetako burokrazian katramilatu behar: finantziazioa HABEri dagokio, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuko gastu-partida emanda.
Doakotasunera hurbiltzeko azken urteotan izan diren ekimenek erantzukizuna partekatzera bideratuta egon dira, administrazio eta erakunde desberdinen arteko kofinantziazioa bilatzen. Baina, bide honek, bereizkeriaz gain, buruko minik baino ez du sortzen herritarrengan eta laguntza horiek kudeatu behar dituzten herri administrazioetan. Eskerrak parazetamolak prezio bera duen farmazia guztietan! Zerbitzu horretan, behintzat, ez dago diskriminaziorik.
Isidro Yoldi Iturbide, Urrats euskaltegia