Euskalerria borobiltzen
Ramon Labaien, idazlea
Bi hauteskunde aurten eta biak berberak, bai Espainian eta bai Euskalerrian, eta emaitzak hain desberdinak. Botoen muga, Ebro ibaiarena sendotzen. Eta beti gertatzen den bezala, alderdi politiko guztiak pozik. Irabazleak irabazi egin dutelako, eta galtzaileak ziur direlako irabazleak kristorenak pasako dituztela, behin eta berriro hanka sartuz; eta pena dela boto emaileak hain zozoak izatea, baina datozen lau urteetan begiak irekiko zaizkiela, eta berriro gauzak konponduko direla. Eta benetan ez da ulertzen, Espainiaren kasuan, zer arraio ikusten dioten Rajoy jaunari, Zapaterok ez duenik, edo zer falta zaion Zapaterori, Rajoyri ere falta ez zaionik. Geroak esan beza. Hego Euskalerrian bestetik, aldaketa nagusiak, eta bazen garaia. Ezker abertzale berritua berpiztu zaigu, sasoi dotorearekin, eta horrek, ni, jelkide urtetsua izanik, pozez bete nau. Nazioa lehen eta alderdiak gero. Borobildu zaigu giro politikoa. Hor dugu gure alternatiba abertzalea. Ezkerrekoak batetik eta demokrazia kristaukoak bestetik. Gure helburua, datozen urteetako, botere politikoa Amaiurren eskuetatik EAJra pasatzea, eta EAJrenetik Amaiurenera… Pilotan bezala. Eta beharrezkoa baldin bada, biak beraien artean konpontzea. Eta bitartean, alderdi espainolen bikoteak haizea har dezala. Badute premia… Ametsa ote da ala benetako posibilitatea? Iruditzen zait ez diogula Madrilekoei beldurrik izan behar, baizik gure izaeraren modu zakarrari… Ezker abertzalekoek sobera azaldu dute trebeak direla kaleak betetzen. Orain saiatu beharko dira hainbeste eusko erakunde publiko zintzo gobernatzen ikasten. Horretan, argi ikusi da azken 30 urteetan EAJren lan fruitu emailea, seguru aski berriro hasi beharko dela kalea ere mugitzen. Gure hazienda ongi zaintzen eta bihotzak berotzen, biak osatzen dute , benetako eusko abertzale alternatiba baten mamia… Bestalde, hauteskundeetan argi azaldu da euskararen garrantzia. Nafarroako zati euskaldunak, zati abertzaleak. Hortik eta horregatik UPNren euskararen aurkako ostikadak, euskararen zabaltzekoaren aurkakoak… Arabaren kasua beste kontu bat izanik.. Baliteke AEKren euskaltegi pare bat sortu beharko direla Burgosen, handik Gasteizen kokatzeko asmoa dutenak, behintzat euskal usain pittin batekin azal daitezen. Eta azken, Rajoy «España una» zalea, autonomiak hankaz gora uzteko prest. Gu ez gara ordea «autonomia» bat, gu Euskalerria gara. Gure eskubideak erasotzen saiatu nahi baldin badu, denok zutik jarriko gaitu. Hiru lurraldeetakoek eta Nafarroakoak bat egingo al dugu? Horrelakorik gertatzen baldin bada, bedeinkatua izan bedi Rajoy jauna. Amen.