Euskara
Ekonomia, zientzia den aldetik, hainbat printzipiotan oinarrituta dago. Merkaturatzearekin zerikusia duen horietako batek honela dio: «Antzeko kalitatea duten bi salgaien artean kontsumitzaileak, beti, bietako merkeena aukeratuko du». Ba, hori ez da horrela. Gehienetan hala izango da, baina ez beti. Gauza da gizakia ez dela ekonomialariek asmatutako Homo economicus, baizik eta Homo sapiens, eta azken honek sentimenduak dituela. Hori dela eta, dela ekologikoa delako, edo gertukoa, edo modu etikoan sortua, erosleak salgairik garestiena lehenetsi dezake.
Euskararekin antzeko zerbait gertatzen da. Asko dira euskararen inguruan egindako ikerketak, azterketak, gogoetak… eta ugariak haietatik eratorritako hitzaldiak, artikuluak, liburuak eta abar. Lan horietako batzuen ondorioa da euskara ez dela gehiago erabiltzen ezinezkoa delako. Baieztapen horren oinarrian dagoen argudioak dio euskaraz soilik egingo duela euskara edozein erdara baino hobeto ezagutzen duenak. Eta horrelakoak gutxi direnez, eta sakabanatuta daudenez, ez da harritzekoa euskara gutxi entzutea.
Ekonomiarekin gertatzen den moduan, gogoeta hori ez da erabat zuzena, hor ere hiztunen sentimenduak tartekatzen direlako. Denok ezagutzen ditugu erdaraz egitea nahiago duten euskaldun petoak, eta, aldiz, euskara ondo jakin gabe, euskaraz egiten saiatzen direnak. Zoritxarrez, egingo nuke lehenengoak bigarrenak baino ugariago direla.
«Gaiaz arduratu diren guztiek, funtsean, gauza bera diote, hots, euskararen komunitatea piztu, berpiztu, ilusionatu, mobilizatu… behar dela. Inork ez du esaten, ordea, zein den hori lortzeko urratu beharreko bidea»
Gaur egun beharrezkoa ez denez, eta gehienok erdaraz hobeto moldatzen garenez, arrazoi, zio edo motibo bereziren bat behar dugu euskaraz egiteko. Izan ideologikoa, sentimentala, linguistikoa, ohitura edo iragan-minaren arlokoa, edo dena delakoa, zerbaitek bultzatu behar gaitu, ordeka erosoa utzita, malkarrari heltzeko, eta horrela praktikotasunak ezartzen duen errazkeriari aurre egiteko. Bada, nire iritziz, horretan ari gara eskasten. Zenbat eta arrazoi berezi gutxiago izan, orduan eta erdara gehiago erabili.
Diagnostikoa hori izaki, erraza dirudi konponbideak: euskal bihotzetan zio berezi horien hazia ereitea. Esatea erraza da, baina nola egiten da hori? Hor dago euskalgintzaren koska, nola igaro teoriatik praktikara. Hitz ezberdinez, baina gaiaz arduratu diren guztiek, funtsean, gauza bera diote, hots, euskararen komunitatea piztu, berpiztu, ilusionatu, mobilizatu… behar dela. Inork ez du esaten, ordea, zein den hori lortzeko urratu beharreko bidea. Azkenaldian, ez du ematen ohiko kanpainek eta mobilizazioek eraginkortasun handirik dutenik. Euskaraldia horren adibide garbia da. Izan ere, elkortutako lurrean hazirik onenak ere jai du.
Behinola, espainiar nazionalista izan behar zuen batek esan zuen euskal abertzaletasuna bidaiatzen sendatzen den gaixotasun bat dela. Bada, hori hala izatera, gureak egin du, bidaiatzea lehen mailako beharra bilakatu baitzaigu; ezin bidaiatu gabe bizi. Erabatekoa ez bada ere, lotura garbia dago, edo egon beharko luke, abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren artean, eta bidaien ondorioz abertzaletasuna beherantz badoa eta, ezinbestean, berarekin batera euskaltzaletasuna ere, hor egon liteke euskararen ajeak goxatzeko gakoa: alde batetik, euskaltzaletasuna sustatu, eta bestetik, badaezpada ere, gutxiago bidaiatu. Aurrenekoa nola egiten den ez dakigu, baina bigarrena bai.


