Euskara aspergarria da
Aurrekoan entzun nuen Euskadi Irratian, Euskararen Egunaren harira egindako iragarki batean edo, irakasle bat pasadizo txiki hau kontatzen:
«Ikasle batek esan zidan, ‘es que el euskera es muy aburrido‘.
Eta nik, berriz, erantzun ‘¡el aburrido serás tú!‘».
Ulertzen dut irakasle hark esan nahi zuena, eta nik ere defendituko dut euskara ez dela aspergarria, izatekotan, euskaraz ari den hori izango dela aspertzen gaituena. Eta, ziurrenik, berdin-berdin aspertuko gintuela gazteleraz edo ingelesez ariko balitz ere.
«Helduok ezin diegu hizkera hau erakutsi. Hamabi urteko bati gazteleraz ‘dabuti’ edo ‘la cagaste Burt Lancaster’ esan behar duela proposatzea bezala litzateke»
Baina ulertzen dut ikasleak esan nahi zuena eta gauza batean arrazoi duela iruditzen zait, berari euskara aspergarria egiten zaio; edo hobeto esanda, bera aspergarri sentitzen da euskaraz egiten duenean. Eta hori da, uste dut, gure inguruan gaztetxo askori gertatzen zaiena, euskaraz egiten dutenean aspergarri sentitzen direla, alegia.
Kontua da gure gaztetxoek ez dutela euskara informalik sortzen, ez dutela kaleko hizkerarik eraikitzen euskaraz eta bai, euren euskara aspergarriegia dela lagunen artean hitz egiteko. Zergatik? Ba, ez dakit, baina pentsatzen dut une horretan euren erreferente diren guztiak —izan anaia edo lehengusu zaharragoak, ikaskide helduagoak edo youtuberrak— gazteleraz ari direlako.
Eta, sentitzen dut, baina helduok ezin diegu hizkera hau erakutsi. Hamabi urteko bati gazteleraz dabuti edo la cagaste Burt Lancaster esan behar duela proposatzea bezala litzateke.
Eutsi goiari!