Euskara, geltokian geldi
Ttipi-ttapa, badator 23. Korrika. Tira, Donostiako Udaleko Mugikortasun zerbitzuan, beharbada, pasito a pasito iritsiko da. Donostiako AEK-k autobusa antolatu du martxoaren 24an Baionara joateko, 23. Korrikaren amaiera egunera, eta horren harira Mugikortasun zerbitzuari eginiko eskaeraren erantzunak zeharo harritu gaitu.
Sorpresa bikoitza jaso genuen. Batetik, jendea jaso eta uzteko eskatutako tokiak ukatu zizkigutelako, hiriko mugikortasun arauak tarteko. Tira, kontu teknikoa izaki, arauari men egin behar. Nolanahi ere, harridura, eta haserrea, beste kontu batek eragin digu: baimena ukatzen zigun mezua gaztelania hutsean jaso izanak. Euskaraz egindako eskariari, euskararekin lotura zuzena duen ekitaldi baten inguruan, gaztelania jatorrean erantzuna. Nondik, eta euskararen erabilerari buruzko araudia ongi zehaztua duen erakunde baten sail batetik; Donostia euskararen hiria dela aldarrikatzen duen udalaren sail batetik.
Bizpahiru lerroz osatutako erantzuna, itzultzeko aski erraza den hizkuntza teknikoarekin idatzia, ezin euskaraz eman? Inuzenteak gu: autobusaren geltokiez galdezka baimen eskea idatzi, eta Euskararen Hirian euskara geldi dagoela jabetu ez.