Euskara lekuko
Zigor Etxeburua, Euskalgintzako kide
Goiburuetarako joera duela herri honek, hala fede! Ezagunak zaizkigu Eusko Ikaskuntzaren Asmoz eta Jakitez leloa, edota aurrekoaren kume den Euskaltzaindiaren Ekin eta Jarrai. Horrelako goiburuek erakusten dute halako bertsolari sen bat, elipsia bilatuz, baina ez horratik esanahia kamustuz. Hitzen ekonomia hori euskaldunon estereotipo ere bilakatu izan dute erra digutenek, ohartu gabe marketin adituen antzekoago egiten gaituela horrek, edonolako moztasunaren adierazgarri baino. Bada, euskalgintzan eragin handikoak diren bi erakundek ere goiburu berriak ezagutarazi dituzte, antzeko egiturarekin biak hala biak. Batetik, Izan, egin, eragin dokumentala osatu du Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, 30 bete dituela-eta. Eta bestetik, 17. Korrika antolatu du AEKk, Maitatu, ikasi, ari…euskalakari lelopean. Bi goiburuak, areago, laurak, ezin hobeki uztartzen dira, puzzle bateko piezak baliran. Izan, zer gara? euskaldunak, noski. Maitatu, euskara maite dugu. Eta hori egunez egun egin egiten dugu, ikastolak sortuz, euskara irakatsiz ez dakienari, euskaraz bizitzeko tresnak asmatuz, oztopoak gainditzeko atakak bilatuz… Euskara ikasi dute jakin ez zekiten eta jaso ez zuten milaka herritarrek; eta ari euskaraz ari gara, jasotakoa, ikasitakoa erabiliz, bizituz. Eta gabezia larriak ditugulako, euskaldun izaten eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugulako, uzten ez digutelako, zenbaitetan geure euskaltasunean herren ere egiten dugulako; eragin beharra dago, Euskal Herria euskaldunon herria izan dadin, euskaraz biziko den herria. Hori da gure asmoa, badugu jakitea, ekin diogu eta jarraituko dugu. Oinez, urratsez urrats, kilometroak irentsiz ibilian, KORRIKA, eta beti euskaraz. Badator, oihuak, irriak, poza, urduritasuna, malkoak… hemen da lekukoa, oratu, heldu eta segi aurrera, gure txanda da-eta. Bagoaz arin, “epaaa” alboetatik, poztasuna aldarrika, jo eta ke maldak lautuz, harro, hainbeste lagun eta senide gogoan, hau da hau puztua! Hor da hurrengoa, tori, muxua eta banoa tropelera, ez baita bidea amaitu. Eskuz esku doana ez da lekuko soila, euskara bera da, gure arbasoek, aiton-amonek, euskalgintzako bidegileek honaino ekarria eta guk enbor beretik sortu diren berriei emana. Helmuga Euskal Herria euskalduna.