Euskararen Eguna eta euskararen egoera
Euskararen egunaren hurbiltasuna aitzakiatzat hartu dut, neure ingurutik aztertzeko euskararen egoera zein den.
Ikuspuntu desberdinetatik begiratu ahal diogu azken urte hauetako bilakaera zein den eta zein izan den aztertzeko, eta, egia esan, baikorra izateko motibo askorik ez dut ikusten.
Aldiz, ezkorrak izateko baditugu motibo bat baino gehiago. Azaroaren 18an San Telmo museoko areto nagusian mahai ingurua antolatu zuen Donostiako euskalgintzak, eta bertan parte hartu zuten ordezkariak izan ziren Bagera, EHE, Euskalgintzaren Kontseilua eta Ikama taldeetakoak.
Mahai inguru honetan jaso nituen ideiak hauek izan ziren: Kontseiluak zioen elebitasuna posible egiteko aukerarik ez dagoela gaurko marko juridikoan. Beraz, ikusita zein egoeratan gauden, abenduaren 27an Bilbon manifestaziorako dei egiten du, Berpizkunderako lehen txinparta leloarekin.
Ikama talde independentistakoek abenduaren 11rako mobilizaziora deitu dute. Hezkuntza dute ardatz. «Hezkuntza euskalduna bermatzea» helburu.
EHEk, abenduaren 6an, Durangon izango den liburu azoka probestuz, «Euskal Herrian Errepublika» aldarrikatuko du eta manifestazioa egingo du. EHEk dio, beste gauzen artean, diskurtso berriak beharrezkoak ditugula.
«Ikuspuntu desberdinetatik begiratu ahal diogu azken urte hauetako bilakaera zein izan den aztertzeko, eta baikorra izateko motibo askorik ez dut ikusten»
Hauek izan dira jaso ditudan ondorengo egunetarako euskalgintzatik datozkigun asmoetako batzuk. Bestalde, Bagerako ordezkariak galdera hau bota zuen: nola egin diezaiokegu aurre bizi dugun oldarraldi honi?
Jada, ikusten ditudan lehenbailehen eman beharreko pausoak hauek izango lirateke: euskaltegietan euskara ikasteko doakotasuna bermatu eta betirako izan dadila. Administrazioak badu aski diru horretarako.
Etorkinen seme-alabak euskalduntzeko, ikastetxe orotan, errefortzu moduan nahi bada, baliabideak jarri. Administrazioak badu aski diru asmo hori aurrera eramateko.
16 urte bete diuzten neska-mutil guztiek EGA titulua eskuratzea.
Gazte eta ez hain gazte direnek euskaraz bizitzen segi dezaten baliabideak izan ditzatela. Kanpainak egin etengabe euskara zuzena erabiltzearen alde eta alfabetatzearen alde. Euskaraz hitz egiteko eta idazteko gai ez dena gai izan dadin estrategiak prestatu eta egikaritu.
Testu hau irakurtzen ari zaretenok erantsi ahal dituzue neurri gehiago, aurrera egin dezagun guztion artean. Horrez gain, etengabe aldarrikatzen duguna aipatu behar, alegia, tabernak eta bestelako komertzioak euskalduntzeko asmoa noizko bilakatu behar duen errealitate administrazioak, edo Loiolako Erriberako hotela bezala erabat erdalduna den paisaia euskaldundu?


