Euskararen Egunak
Zigor Etxeburua, Euskalgintzako kide.
Abenduaren 3arekin ospatzen da Euskaren Nazioarteko Eguna. Egun hori horrela izendatzearen arrazoia da Xabierko Frantziskori hilaurreko orduetan euskaraz mintzatzen hastea otu izana. Txinan gertatu zen, Shangchuan uhartean, 1552ko abenduaren 3an, milioika basati sinesgabe (!?) Eliza Katolikoaren menera ekartzearen nekeak jota hil zenean. Dirudienez, sukar-ametsen eraginez, ingurukoek ezagutzen ez zuten hizkuntzan aritu zen hizketan, bere ama-hizkuntzan, euskaraz. Ezin jakin zer esan zuen, Loiolako traidoreari infernua opa ote zion, edota Nafarroa zapaldu zuten gaztelauei izurrite eta mila gaitz bidaltzeko eskatu ote zuen. Tira, euskal kultura eta historia beti Elizaren eraginpean egon behar hori aparte utzita, azpimarratzekoa da geure hizkuntzaren izatea ospatzeko aukeratu den zioan eldarnioa egotea jatorrian. Errazegi jartzen diegula euskaldunon nahia «delirio separatista» hutsa dela leporatzen digutenei! Baina badira euskararen beste egun batzuk –izango ote dira!–. Adibidez, Euskararen alkoholarteko egunak. Sagardotegiak, afariak, bodegak, ardo dastaketak, keimadak eta poteo santua… zer egingo lukete euskara ikasleek horiek gabe! Garzonek ezagutu izan balu alkoholak euskararen garapenarekin duen lotura, Lege Lehorra ezarri eta alkohola legez kanpo utziko zuen. Beste egun batzuk, Euskararen eskolarteko egunak dira. Gure hizkuntzari murru galanta jarri nahi diote batzuk, eta eskolako horma artera mugatu. «Hori behintzat lortu dugula» esango dute debeku egoera ezagutu zutenek, uste zintzoan. Baina latina ere ikasi genuen eskolan… Asko izaten dira, tamalez, Euskararen moskeoarteko egunak. Osakidetzan, merkatalgune handietan, zineman, ostatuetan, udaletxean… Azken horri dagokionez, nabarmena da azken egunotan hirian gertatzen ari den kontraesana, Euskararen Udal Patronatua Nik/Guk ere euskaraz kanpainarekin ahalegin betean ari delarik, HITZAn irakurri dugu herritar baten kexa Donostia Sustapenak euskara baztertu duelako lan-poltsarako deialdian. Niretzat, guzti guztiak dira euskararen egunak. Eta zorionez, egun horien ordu batzuk eskain diezazkieket gaztelaniari, frantsesari eta ingelesari. Halakoxe eskuzabalak gara-eta! Datorren urterako proposamena luzatzen dizuet hemendik, eskain diezaiogun gure asteko ordu batzuk euskararen alde lan egitera, eragitera, militatzera, zor zaiguna lortzeko eta geroz eta euskaldun gehiago izan gaitezen. Hasteko, Korrika batzordeetan parte har dezakegu, Korrika urtea izango baita. Denon ahaleginarekin lortu baitezakegu euskararenak zorioneko egunak izatea.