Euskaraz eraikitzeko zailtasunak
Arkitekturaren hizkuntza grafikoa dela esaten bada ere, ahozko eta idatzizko eremura etorrita, diglosia nabarmena da gure honetan. Jakintza-arlo honen inguruan euskaraz argitaratzen den aldizkari bakarrean, Aldiri, Arkitektura eta abar-en, sarritan azaldu izan duten modura, jardunean urteak daramatzaten profesionalak badauden arren, oraindik ere trabak daude %100 euskaraz lan egiteko.
Alde batetik oso nekosoa izaten da eraikuntzaren esparruko lanetan proiektuak euskaraz idaztea. Hegoaldean, esaterako, Espainiar estatuko legediari egin behar zaio erreferentzia, eta hori, noski, gaztelera hutsean dago.
Horren aurrean, EHUk euskarazko bertsioa atera zuen… kobratuz. Ez da kopuru desorbitatu bat, eta ziur bere egileek asmorik onenarekin egin zutela, baina Ministerioak batzuei dohainik ematen dien gauza beragatik besteok ordaindu behar izatea egoeraren erakusle da.
Bestelako zailtasunak ere baditu eraikuntzak. Bai Euskarari sareari erreparatuz, ziurtagiria lortzeko lanak hartu dituzten eraikuntzaren inguruko enpresak gero eta gehiago direla dirudi (egun, hogei inguru dira). Ziurtagiririk gabe euskaraz lanean aritzen direnak ere badaude, noski. Baina proportzioan, kantitatea nahiko txikia da, eta hautatzerako orduan beste faktore batzuk ere azaltzen dira: tartean aukera-abanikoarena.
Donostiara etorrita, bertan aurkitzen dira kontuan hartu beharreko hainbat erakunde, tartean Arkitektura Eskola edo Arkitekto Elkargoa. Instituzio hauen hizkuntza-eskubideekiko jarrera beste arloetako tankera berdinekoena da: “Teorian bai, baina…”. Hauetan ere, inertziak erabiltzen dira aitzakia gisa. Baina hara non berdina pasa den duela urtebete eskas martxan jarritako Euskadiko Arkitektura Institutuarekin: zuzendari bila dabil right now eta hautagaiei ez diete inongo euskara-mailarik exijitzen. (Ingeles-mailarik ere ez, hiri kosmopolita honetarako harrigarria dirudien arren. Jaurlaritzako lehendakari-ohirik kanpoan ez uzteagatik, agian?).
Ogibidearen beste muturrean, parte-hartze prozesuak leudeke. Bileratan ia beti dago gazteleraz (ere) egiteko eskatzen duen bat. Orokorrean, ikusi izan dugu udalek hiru modutara ebazten dutela kontua: edo guztia euskaraz egiten dute, edo guztia errepikatzen dute, lehenik hizkuntza batean eta gero bestean, edo dena gazteleraz egiten dute. Baita ere ikusi izan dugu, edonola ere, baten batek beti sufritu egiten duela. Gure momentu tragikomiko partikularra aurkezpen bat modu inprobisatuan gazteleratu behar izaten dugunean etortzen da. Horrelakoetan ere, subimos por las aldapas y bajamos del espaloi. O del asto. Ez dakit dagoeneko.
Ana Almandoz, M-etxea kolektiboko kidea