Eutimia eta Marx
15 urte inguru nituen politikaren inguruan interesa azaldu nuenean. Eskolan lagun taldetxo bat batu ginen, eta aktualitate politikoari errepasoa egiten genion jolas garaietan. Gogoan dut nola ikusten nuen «el debate del estado de la nación» futbolzale batek final bat ikusten duen grina berarekin.
Identitatearen eraikuntzan hain garrantzitsua den etapa horretan erreferenteak bilatzen genituen, eta bakoitzak bereak zituen, nik banekien errepublikazalea nintzela, eta euskaltzalea eta abar luze bat. Urte batzuk beranduago, batxilergoan ezagutu genuen Marx eta klase borroka, eta jarraitu genuen, bakoitzak bere bidetik, norbere identitate pertsonal eta politikoa eraikitzen. Egun hauetan erreferente hauen inguruan pentsatzen, konturatu naiz nigan eragin handiena izan duena oso gertu izan dudala beti.
15 urte zituen Eutimiak (Timi lagunentzat) Extremadura atzean utzi behar izan zuenean Irunera lanera etortzeko. Etorkizun hobeago baten bila etorri zen Las Hurdesko gazteak ikasketak eten behar izan zituen. Ez zituen beraz ikasi ez Marx ezta bestelako teoriko batzuk, baina bere seme eta alabarengan eragin politiko handiena izan duen erreferentea izan da. Diskurtso eta terminologia bereziak erabili gabe erakutsi zigun txikitatik zer zen langile klasea. Eman zigun heziketarekin oso argi utzi zigun gu klase horretakoak ginela, eta gure ongizatea beti egongo zela kolokan, finean, gure ondasun bakarra gure lan egiteko gaitasuna delako.
Egoera desberdin bat bizitzea tokatu zaigu guri, aukera gehiago izan ditugu, ikasketekin jarraitu ahal izan dugu, eta inguru oparoago batean bizitzeko aukera izan dugu, baina badira aldatu ez diren gauzak. Horregatik, ziurgabetasun garai hauetan amaren ikaskuntzak datozkit burura, nora joango garen jakiteko ezinbestekoa baita non gauden eta nondik gatozen gogoratzea.