Ez da gutxiagorako
Zer irudituko litzaioke Rafari?». Behin baino gehiagotan egin genion galdera hori geure buruari No es para menos diskoaren ekoizpen prozesuan erabakiren bat hartu behar genuenean. Cheli Lanzagortak beti esaten zidan gauza bera: «Alferrik da pentsatzea, Rafa aurreikusezina zen». Albuma amaituta, ziur nago pozik egongo litzatekeela emaitzarekin. Izan ere, bere ibilbideko lehen hiru hamarkadetan —bizimodua ateratzeko oraindik pintaketa lanetan aritzen zen sasoian—, abesti asko geratu ziren tintontzian, kantu zaharrei berriak gailentzen zitzaizkielako, batetik, eta ez zuelako inoiz haiek birgrabatzeko astirik hartu, bestetik. Gainera, maketak ere bikain agertzen dira beren biluzian.
Chelik gordeta zeukan kantaren bat erakutsi eta askoz gehiago egon zitezkeela iradoki zidanean, ez nuen zalantzarik izan: artxibo guztietan murgildu beharra zegoen eta ahanzturan geratzeko onegiak ziren abesti galdu haiek guztiak argitara atera. Hiru bobina, 90 kasete inguru eta ehunka audio digitalen artean igeri egin behar izan nuen, kantak sailkatu, eta aurkitu ditugun 80 ineditoetatik 47 aukeratu. Gero, Jean Phocasek egindako zaharberritze lana etorri zen, lan neketsua, audioak euskarri desberdinetatik zetozelako eta lau hamarkadatan zehar grabatuak izan zirelako.
«Cheli Lanzagortak beti esaten zidan gauza bera: ‘Rafa aurreikusezina zen’. Albuma amaituta, ziur nago pozik egongo litzatekeela emaitzarekin»
No es para menos albumak bere diskografia ofizialean agertzen ez diren Rafaren zenbait alderdi erakusten ditu. Adiós, hola y adiós lanean (1. diskoa) rock-and-roll hutsa jorratzen du, inoiz ez bezala, gaztaro betean, ondo koipeztatutako talde konplize batekin zuzenean joz. Cabaret Utopía (2. diskoa), aldiz, Rafaren saio intimo batean murgiltzearen parekoa da; ohar pertsonalak baino ez direla jakinda maketak grabatzen ari denaren askatasunaz dihardu, gitarrak soilik lagunduta, estudio profesionalek sortu ohi duten presiorik gabe, musikarien eta ekoizleen interferentzia orotatik aske. Berrio hutsa.
Horregatik guztiagatik, aurretik argitaratutako bere lana osatzen duen album baten aurrean gaude, 47 abesti berri gehitzeaz gain, bere aparteko talentuaren txoko ezkutuak azaleratzen dituena.
Ez da gutxiagorako, Rafa.